Mundua -

Nigeria

Ehunka ikasle bahitu dituzte Nigerian

Ostiralean Nigeria ipar-mendebaldeko institutu batean bahitu zituzten 400 ikasletik gora aske daude dagoeneko, eta 200 eta 400 artean oraindik bahituta daudela kalkulatzen dute.

Bahitutako ikasleen gurasoak, institutuan. Irudia: Reuters
Bahitutako ikasleen gurasoak, institutuan.
Bahitutako ikasleen gurasoak, institutuan. Irudia: Reuters

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ehunka ikaslek bahituta jarraitzen dute Nigeria ipar-mendebaldean. Katsina estatuko hezkuntza sailburu Badamasi Charanchik iragarri duenez, ostiralean Kankarako institutu batetik bahitu zituzten 406 bat ikasle aske daude dagoeneko. Kopuruak ez daude oraindik argi, baina eskolan 884 mutilek ikasten dute, eta bahituta jarraitzen dutenak 200 eta 400 artean izan litezke.

"Ikasleak itzultzen ari dira, eta daukagun informazioaren arabera, itzuli egin diren desagertutakoen kopurua 406 da, lehenago agertu zirenak kontuan izanda", azaldu du Charanchik.

Zenbaitek, bahitzaileek berriro ez harrapatzeko, basoan egin zuten lo ostiral gauean. "Behin haurrak identifikatuta, zuen etxeetara itzuliko zaizkizue", esan du.

Poliziak momentuz mutilentzako institutuko 200 bat umeren itzulera baieztatu du. Gambo Isah bozeramaileak erasoaren ostean azaldu zuenez, ez zen hildakorik egon.

"Arma arriskutsuekin eskolari eraso egin zioten, eta zaintzaileen aurka tiro egiten hasi ziren. Zenbait ikaslek hesia igaro zuten eta hirira heldu ahal izan ziren" azaldu du. Sahara Reporters hedabidearen arabera, erasotzaileak "ehunka" ziren.

Segurtasun guardia bat zaurituta izan zen erasoan.

Gero eta indarkeria gehiago herrialdearen iparraldean

Muhammadi Buhari presidenteak erasoa gaitzetsi du, eta segurtasun indarrei erantzuleak jazartzea agindu die. Gainera, hezkuntza agintariei auditoria bat eskatu die.

Nigeria ipar-mendebaldean gero eta indarkeria gehiago izaten ari da, artzain nomaden miliziak, talde armatuak, kriminalak eta jihadistak tartean dauden gatazka batean. 2011tik 8.000 pertsonatik gora hil dira, International Crisis Groupen datuen arabera. 200.000tik gora errefuxiatu izan dira, horietatik heren bat Nigeriara ihes eginda.

2020ko lehen zortzi hilabeteetan 1.165 pertsona hil dira eraso bortitzetan, Nigeria Mourns erakundearen datuen arabera. Eskualde honetan 113 pertsona bahitu dituzte, gainera.

Azaroan, gutxienez 10 nekazari hil ziren, lanean zeudela, bitartean Boko Haram talde jihadistaren eraso batean.

2014an, talde terrorista horrek 270 neskatotik gora bahitu zituen Chiboken, Borno estatuan, herrialdearen ipar-ekialdean. 112k oraindik desagertuta jarraitzen dute.

"Nigeria iparraldeko landa eremuetako biztanleen kontrako erasoak errepikatzen ari dira azken urteetan. Segurtasun indarrek huts egin dute, eta oso lotsagarria da pertsona hauek ezin babestea", esan du Osai Ojigho Nigeriako Amnistia Internazionala zuzendariak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak