Mundua -
Krisia Grezian
Gaur hartuko dute Greziako lehen ministroaren inguruko erabakia
Sozialisten eta kontserbadoreen arteko desadostasunek lehen ministro berriaren aukeraketa atzeratu dute. Hala ere, Papandreuk batasun nazionaleko Gobernua iragarri du.
Erredakzioa
Greziako lehen ministro berriaren inguruko erabakia gaur arte atzeratu dute, Greziako Presidentziak jakinarazi duenez; besteak beste, sozialistek eta kontserbadoreek Gobernua osatzeko orduan eduki dituzten desadostasunek eragin dute egoera hori.
Dena den, Yorgos Papandreu oraindik Greziako lehen ministro denak asteazken honetan batasun nazionaleko Gobernua osatzeko akordio bat iragarri du, eurogunean herrialdea mantentzea bermatzeko eta erreskate plana gauzatzeko.
"Gaur geure ezberdintasunak albo batera utzi ditugu eta (hainbat) indar politikok hartu dute Gobernua", nabarmendu du Papandreuk, Carolos Papulias Greziako presidentearekin bildu baino lehen, bere dimisioa aurkezteko.
Halaber, Europako kideei mezu bat bidali die, eta herrialdeak badakiela "zein den bere erantzukizuna" adierazi du. Batasun nazionaleko Gobernuaren lehen helburua seigarren erreskate plana gauzatzea izango da.
"Amaitu dugu", adierazi dio kate honi Estatuko buruak, Papandreuren eta Antonio Samaras Demokrazia Berria alderdi kontserbadorearen arteko negoziazioak aipatuta. Greziako zenbait komunikabidek azaldu dutenez, akordioa atzeratu da Demokrazia Berria alderdiaren barnean desadostasunak eman direlako. Gainera, herritarren kontrakoak izango diren erabakietan ez partehartzeko presioa egin die Samarasek bere alderdiko zenbait buruzagiei.
Baliteke Lucas Papademos Europako Banku Zentraleko presidenteorde ohia lehen ministro berria izendatzea. Kasu honetan, Papademosen esku egongo litzateke Greziako erreskatea bideratzea eta otsaileko hauteskundeak izan arte herrialdea gidatzea.
Nolanahi ere, Papademosek otsailetik aurrera ere gobernatzeko gai den Gobernu bat nahi du eta hori dela eta, litekeena da beste gizonezko bat lehen ministro izendatzea: Panagiotis Rumeliotis Nazioarteko Diru Funtsaren Greziako ordezkaria edo Nikoforos Diamanduros Europako herriaren defendatzailea, hain zuzen ere.
"Urriak 26ko akordioa beteko dela bermatzeko premiazko Gobernu baten eraketa" eskatu du asteazken honetan Yorgos Provopulos Greziako Bankuko presidenteak.