Mundua -

Koronabirusa

Macronek ez du covid-19arekin bateragarriak diren sintomarik

Frantziako presidenteak "dagoeneko ez ditu covid-19arekin bateragarriak diren sintomak", eta, ondorioz, amaitutzat eman dezake joan den ostegunean hasi zuen isolamendua.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Emmanuel Macron Frantziako presidentea.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak "dagoeneko ez ditu covid-19arekin bateragarriak diren sintomak", eta, beraz, amaitutzat eman dezake joan den ostegunean hasi zuen isolamendua. Haren balizko kutsatzeak beste buruzagi batzuen (Pedro Sanchez espainiarra eta Antonio Costa portugaldarra, besteak beste) prebentziozko berrogeialdiak eragin zituen.

Eliseoak Macronen egoeraren bilakaeraren berri eman du gaur, osteguna, ohar batean, eta osasun protokoloak zazpi eguneko koarentena ezartzen duela azaldu du. Denbora horretan, agintariak lanean jarraitu du, eta "modu berean jarraituko du datozen ordu eta egunetan".

"Gabonak hasteko ordu gutxi falta diren honetan", kutsatzeak saihesteko arreta indartzea oso garrantzitsua dela nabarmendu du Macronek. Ildo horretatik, kontaktuak mugatzea, maskara erabiltzea eta leku itxiak ondo aireztatzea ezinbestekoa dela esan du.

Frantziako Osasun Ministerioak asteazkenean baieztatu zuenez, ia 15.000 pertsona kutsatu dira azken 24 orduetan, hau da, guztira 2,5 milioitik gora. Gainera, ia 62.000 pertsona hil dira Frantzian covid-19aren ondorioz pandemia hasi zenetik.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Paris Frantzia Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Emmanuel Macron Erizaintza Sendagaiak Txertoak Koronabirusa