Mundua -
Krisia Grezian
Lucas Papademos, Greziako lehen ministro berria
Europako Banku Zentraleko presidenteorde ohiak hartuko du egoera ekonomiko larrian dagoen lurraldearen gidaritza. Lehen ministroaren eta Exekutiboko kideen kargu hartze ekitaldia gaur izango da.
Erredakzioa
Lucas Papademos Europako Banku Zentraleko presidenteordea izendatu dute Greziako batasun nazionaleko Gobernuaren lehen ministro.
Greziako alderdi nagusiek akordio bat lortu dute, eta lurraldea otsaileko hauteskundeak arte gidatuko duen Gobernuaren burua Papademos izatea erabaki dute.
Greziako finantza erreskatearen plana abian jarri eta eurogunean jarraitzeko konpromisoaren onartu du lehen ministro izendapena Papademosek.
"Gobernu berria joan den urriaren 26ko akordioa martxan jartzeko transizio gobernua da", adierazi die Papademosek hedabideei, murrizketa neurrri gogorren trukean Greziari 130.000 milioi euro utzi eta zorraren erdia barkatuko diola ezartzen duen hitzarmenari erreferentzia eginez.
Papademosek greziarrei "batasuna, ulermena eta zuhurtzia" eskatu dizkie lurraldeak dituen arazoei aurre egin ahal izateko eta Grezia eurogunean egotea "monetaren egonkortasuna bermatzea" dela esan du eta "ekonomiaren doitze prozesua erraztuko" duela erantsi du.
Gobernuburuak eta Exekutiboko kideek gaur arratsaldeko 13:00etan hartuko dute kargua.
Ekonomista entzutetsua
Lucas Papademos lehen ministro berria, Greziako ekonomista entzutetsuenetarikoa da. 2002-2010 urteen artean Europako Banku Zentraleko presidenteorde izan zen, orain, egoera ekonomiko larrian dagoen lurralde baten gidaritza hartu du.
Yorgos Papandreu orain arteko lehen ministro sozialistaren eta Antonis Samaras kontserbadoreen liderraren arteko akordio bati esker izendatu dute Papademos lehen ministro. Lurraldearen porrota sahiestu behar duen batasun nazionaleko Gobernua osatzeko negoziaketa luzeak izan dira aste honetan.
Papademosek ez du afiliazio politikorik eta kontsentsuak adosteko duen gaitasunagatik da ezaguna, baita diziplina fiskalaren babesle izateagatik ere. Europako Banku Zentrala utzi zuenetik Papandreuren aholkulari izan da, orain berak utzitako karguari helduko dio.
EBk krisiari aurre egiteko "ahal duen guztia" egiteko eskatu dio Greziari
Europar Batasunak begi onez hartu du Lucas Papademosen izendapena, baina batasun nazionaleko Gobernuari erreskate baten truke eskatzen zaizkion doitze neurriak beteko dituela bermatzeko eskatu dio.
Herman Van Rompuy, Europako Kontseiluko presidenteak eta Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak ohar batean adierazi dute Greziako hazkuntza bultzatu eta beharrezko enpleguak sortzeko jarraitu beharreko bide orriak fiskalitatearen sendotzean eta egiturazko erreformetan oinarritu behar dutela.
"EBk Greziari laguntzeko ahal duen guztia egiten jarraituko du", azaldu dute oharrean, baina "Greziak ere ahal duen guztia egin behar du aurrera egiteko", erantsi dute.