Mundua -
Krisi politikoa Grezian
Ultraeskuindarrak Lukas Papademosen Gobernuan sartu dira
Papademosek kargua hartu du eta Venizelosek Finantza arduraduna izaten jarraituko du, lehen ministrorde karguarekin batera. LAOSeko ultraeskuindarrek Azpiegitura eta Garraio sailak kudeatuko dituzte.
Erredakzioa
Lukas Papademos lehen minitroaren Gobernuak kargua hartu du ostiral honetan, Errepublikako Presidentetzaren egoitzan. Evangelios Venizelos da Gobernu horretako lehen ministrordea eta Finantza arduraduna izaten jarraituko du. Exekutibo berriaren bi departamentu ultraeskuindarren eskuetan daude.
Carolos Papulios presidentearen aurrean kargua sinatu duten kabineteko kideen artean Dimitris Avramopulos kontserbadorea eta ministro ohia eta Stavros Dimas Europako Ingurugiro komisario ohia daude. Horiek Defentsa eta Kanpo Arazoetako ministroak izango dira, hurrenez hurren.
Bi alderdi nagusiez gain, Pasok alderdi sozialista eta Demokrazia Berria kontserbadorea, Gobernuan LAOS ultraeskuindarrak sartu dira, Azpiegitura eta Garraioak sailak kudeatzeko.
1974.ean militarren diktadura amaitu zenetik, lehen aldiz sartu dira Gobernuan ultraeskuindarrak.
Papandreuren babesa
Karguaren zina egin ondoren, Papademos Gobernuko Jauregira joan da. Bertan Papandreurekin elkartu da bere bulegora joan baino lehen.
"Batasun Gobernuak ahal duen hobetoen egingo die aurre herriaren arazoei", esan du Papademosek, eta Papandreuk egindako lana oratu egin du "egoera oso zailean egindako ahaleginengatik".
Papandreuk ere Papademosen aldeko hitzak esan ditu: "Herria oso momentu kritiko eta zailean dagoenean hartu du boterea. Herriaren gehiengoa Gobernu honen alde dago, arrakasta lortu eta greziar herriarengan jausitako pusu handia aintzeko".
Papademosek "nire babes eta laguntza osoa izango du", gaineratu du Papandreuk.
Parlamentuaren konfidantza
Gobernu berriaren programa Parlamentuan noiz eztabaidatu eta bozkatuko den ez da jakina oraindik.
Papademosek bere izendapena jakin bezain pronto Transiziorako Exekutibo berriak "urriaren 26an adostutako akordioa" martxan jartzea duela helburu adierazi zuen ostegunean.
Euroguneak, murrizketa neurri zorrotzen truke Greziari 130.000 milioi euroko laguntza eman eta zorraren % 50 barkatzea jasotzen duen akordioari erreferentzia egin zion hala Papademosek.
Lehen ministro berriak ez zuen iragarri hauteskundeak egiteko datarik, baina azaldu zuenez, hitzartu bezala otsailean egingo dira.