Mundua -

Brexit

EBko buruzagiek sinatu dute Erresuma Batuarekiko harreman komertzialaren ituna

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ere gaur bertan izenpetuko du akordioa.

Von der Leyen eta Michel, sinaduraren ostean. Argazkia: Efe
Von der Leyen eta Michel, sinaduraren ostean. Argazkia: Efe
Von der Leyen eta Michel, sinaduraren ostean. Argazkia: Efe

agencias | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Charles Michel Europako Kontseilukoak ofizialki sinatu dute 'brexit'aren ostean Erresuma Batuarekin izango duten harreman komertzialerako akordioa.

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak ere asteazken honetan izenpetuko du ituna.

"Boris Johnson lehen ministroak gaur sinatuko du, geroago, Londresen", azaldu du Europako Batzordeko presidenteak sinadura ekitaldiaren ostean. "Ibilbide luzearen" ostean, "'brexit'a atzean uzteko garaia" dela eta "etorkizuna Europa" dela azpimarratu du.

Europar Batasuneko estatu kideek astelehenean adostu zuten akordioa behin behinean ezartzea, eta asteazken honetan idatzizko prozedura bete da, epearen barruan herrialde batek ere ez baitu kexarik aurkeztu.

Europarlamentua hasiera batean akordioa behin behinean ezartzearen aurka agertu zen, ez baitzuen begi onez ikusten iritzia eman gabe pauso hori ematea, baina alderdietako buruzagiak konforme agertu ziren astelehenean, "salbuespena" zela hitzeman baitzieten.

Era berean, behin behineko aplikazioa otsailean ez amaitzea, martxoan baizik, proposatu zuten, Europako Parlamentuak oniritzia emateko aukera izan dezan hilabete horretarako aurreikusi duten osoko bilkuran.

"Gai garrantzitsuenetan, Europar Batasuna Erresuma Batuarekin elkarlanean aritzeko prest dago. Hori izango da klima aldaketaren kasua, eta baita pandemiena ere. Atzerri gaietan, partekatzen ditugun balore eta interesetan oinarritutako gaietan elkarlana sustatzen saiatuko gara", azaldu du Michelek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Erresuma Batua Eguneko albisteak Albisteak Brexita