Itxi

Mundua

AEB

Agintaldia bukatutzat eman eta "trantsizio ordenatua" hitzeman du Trumpek

L.Z. | EiTB MEDIA

Halere, ez du porrota erabat aitortu, horixe agindu baitzien jarraitzaileei. Dena den, agintaldia amaierara iritsi dela eta urtarrilaren 20an Etxe Zuria utzi beharko duela onartu du.

  • Donald Trump

    Donald Trump. EFEren artxiboko argazkia

Donald Trumpek, orain arte AEBko presidente izan denak, ostegun honetan onartu du Presidentetza utzi beharko duela, eta hitzeman du trantsizioa "ordenatua" izango dela. Kongresuak gaur bertan berretsi du Joe Biden presidente hautatuaren garaipena.

"Hauteskundeetako emaitzekin ados ez banago ere, trantsizio ordenatu bat egingo dugu urtarrilaren 20an", esan du Trumpek haren aholkulari den Dan Scavinoren Twitter kontuan zabaldutako ohar baten bidez.

"Beti esan izan dut borrokan jarraituko dugula boto legalak soilik zenbatu ditzaten. Inoiz AEBn egon den agintaldi onenaren bukaera iritsi bada ere, Ameriketako Estatu Batuak berriro ere handi egiteko abiatu dugun borrokaren hasiera baino ez da hau", erantsi du, kanpainan erabili zuen leloa gogoan.

Esan bezala, Scavinoren bitartez heldu da Trumpen adierazpena, orain arte AEBko presidente izan denari Twitter kontua itxi baitiote denbora baterako. Izan ere, azken orduetan argitaratutako mezu batzuetan, Kapitolioa hartzeko egindako saiakera justifikatu du Trumpek.

Halere, ez du bere alderdiaren porrota erabat aitortu, horixe hitzeman baitzien jarraitzaileei, alegia, inoiz ez zuela horrelakorik egingo. Dena den, agintaldia bukatutzat eman eta urtarrilaren 20an Etxe Zuria utzi beharko duela onartu du.

AEBko Kongresuak Joe Bidenen garaipena berretsi eta minutu gutxira iritsi da Trumpen adierazpena.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena