Mundua -

New Yorken

Zenbait lagun atxilotu dituzte AEBetan 'suminduen' kanpaldia hustean

Poliziak 'Occupy Wall Street' mugimenduko ehunka "sumindu" hustu ditu New Yorkeko erdiguneko plaza batetik. Baliteke 40 lagun baino gehiago atxilotu izana.

Baliteke 40 lagun baino gehiago atxilotu izana. Argazkia: EFE
'Suminduen' kanpaldia hustu dute New Yorken

02:36

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Poliziak "Occupy Wall Street" AEBetako "suminduen" mugimenduko kanpaldi bat hustu du astearte honetan. Azken bi hilabeteetan New York erdiguneko enparantza bat hartuta izan dute eta, hura husteko operazioan, Poliziak hainbat lagun atxilotu ditu. NBC telebista kateak jakinarazi duenez, litekeena da 40 lagun baino gehiago atxilotu izana, iturri ofizialek kopuru hori baieztatu ez badute ere.

Bestalde, "Occupy Wall Street" mugimenduak bere webgunearen bidez baieztatu du Poliziak pertsona batzuk atxilotu dituela; tartean, "Ydanis Rodriguez zinegotzia" atxilotu dutela eta "buruan zauria" zuela zabaldu dute. Kanpaldia irailaren 17an abiatu zuten New Yorken, Zucotti plazan.

Manifestariek salatu dutenez, "herritarrek dohaintzan emandako 5.000 liburu biltzen zituen liburutegia Poliziak hondatu zuenean hasi ziren liskarrak, eta batzuek barrikada egin zuten sukaldearen inguruan". Agenteek horien gauza asko suntsitu zituztela ere salatu dute web horretan. "Ez gara joango, ez dugu etsiko", "Geure etxea da" eta "Barrikadak" zioten leloak oihukatzen zituzten manifestariek, "The New York Times" egunkariak argitaratu duenez.

Kanpaldiak eta "suminduek" kalte ekonomikoak eragin dituztelakoan, zenbait dendarik eta auzokidek Udaletxearen aurrean protesta egin ostean abiatu dute operazioa.

New Yorkekoarekin batera, AEBetako beste zenbait herritan egindako kanpaldiak ere hustu dituzte azken egunotan. Gutxienez 63 "sumindu" atxilotu dituzte asteburuan kanpaldietako batzuk husteko saiakeretan Oakland (Kalifornia), Salt Lake City, Portland (Oregon), Denver (Colorado) eta San Luis (Missouri) hirietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea