Mundua -
KRISI POLITIKOA ITALIAN
Italiako lehen ministroak konfiantza mozioari aurre egingo dio datorren astean
Hala ere, Giuseppe Conte lehen ministroak ez dauka oraingoz dimititzeko asmorik. Babes berriak lortu nahi ditu gobernatzen jarraitu ahal izateko.
O. A. | EITB MEDIA
Italian, Giuseppe Conte lehen ministroa Parlamentura joango da datorren astean, gobernatzen jarraitu ahal izateko babes nahikorik duen ala ez egiaztatzeko. Izan ere, Matteo Renzi lehen ministro ohiaren Italia Viva alderdiak babesa erretiratu dio Giuseppe Conteren gobernuari eta gutxiengoan gelditu da.
Lehenik eta behin Kongresuaren aurrera agertuko da: batetik, gobernu krisiari buruzko informazioa emateko; bestetik, diputatu gehienen konfiantza duen ala ez egiaztatzeko.
Biharamunean, asteartean, konfiantza mozioaren bozketa egingo dute Senatuan, 09:30etik aurrera.
Renziren alderdiak babesa erretiratu ostean, Giuseppe Conte buru duen koalizioa gutxiengoan dago Senatuan.
Mattei Renzik mehatxua bete du eta bere alderdiko hiru ministroak aterarazi ditu gobernutik, besteak beste, Europako funtsen banaketaren inguruan izan dituzten desadostasunengatik.
Giuseppe Conte atzo elkartu zen Sergio Mattarella herrialdeko presidentearekin. Dena dela, ez du oraingoz dimititzeko asmorik eta babes berrien bila ari da, gobernatzen jarraitu ahal izateko.
Italiako presidenteak, ostera, onartu egin ditu Renziren alderdiko hiru ministroren dimisioak.