Mundua -
Alemania
Merz, Rottgen eta Laschet, Merkel CDU alderdian ordezkatzeko hautagaiak
Alemaniako Batasun Kristau Demokratak buruzagi berria aukeratu behar du. Alderdiaren ondorengotza bideratzeko bigarren saiakera da.
E. L. | EiTB Media
Alemaniako Batasun Kristau Demokratak (CDU) buruzagi berria aukeratuko du, ostiral honetan hasi den biltzarrean. Hitzordu erabakigarria da Angela Merkel kantzilerraren agur luzean. Hauteskunde orokorrak egiteko hilabeteak falta dira oraindik, eta haien ondoren boterea utziko du Merkelek.
Merkelen alderdian ondorengotza bideratzeko bigarren saiakera izango da. 2018an alderdia Annegret Kramp-Karrenbauer AKK-ren esku utzi zuen Merkelek, kantziler izendatzeko berriz hautagai izango ez zela iragarri eta hilabete batzuk geroago.
Merkelek ondorengotza modu ordenatuan ixteko asmoa zuen, baina ez da horrela izan. AKK-k kargua utzi zuen urtebete geroago, nahiz eta trantsizioa prestatzen jarraitu.
Gainera, biltzar federalak bi aldiz atzeratzera behartu du pandemiak (apirilean eta abenduan). Pandemiak Merkelen agintaldiko azken hilabeteak markatuko ditu ezinbestean. Irailaren 26ko hauteskunde orokorrak egin baino lehen, lander batzuetan bozak izango dira.
Osasun krisiaren kudeaketak Merkel sendotu zuen 2020an, nahiz eta urte hasiera zaila izan. Orain, aldiz, Alemania pandemiaren unerik txarrena igarotzen ari da, hildako eta kasu berri ugari, eta bizitza publikoa eta ekonomia ia geldi dituelako.
CDUko buruzagia aukeratzeko biltzarra ezin da gehiago atzeratu. 1.001 ordezkarik boto telematikoaren bidez hautatuko dute larunbatean. AKK-k eta Merkelek eman diote hasiera kongresuari. Kantziler kargutik azkenekoz zuzendu zaie Merkelek delegatuei.
Hiru hautagai daude: Friedrich Merz eskuindarra, Merkelen etsai historikoa, Norbert Rottgen, 2012an kantzilerrak kargutik kendu zuen ministro ohia, eta Armin Laschet zentrista, Ipar Renania-Westfalia Landerreko lehen ministroa.
Merz AKK-rekin lehiatu zen 2018an, baina porrot egin zuen. Orain bigarren aukera du; Rottgenek babesak irabazi ditu jarrera moderatua duelako, eta Laschetek ordezkaritza boteretsuenaren babesa du, baina bere eskualdean pandemiaren kudeaketan egindako hanka-sartzeek kalte egin diote.
Ez dago faborito argirik. Gainera, boto gehien lortzen dituenak iraileko hauteskundeetan lehiatuko denik ez du esan nahi; izan ere, garaipen telematikoa posta bidezko botoak berretsi behar du, CDUren estatutuek barne-hauteskunde birtualak onartzen ez dituelako. Ondoren bloke kontserbadorearen hautagaitza definitu beharko dute.
Merz, Rottgen eta Laschet ez daude Alemaniako politikari balioztatuenen zerrendan. Merkel da nagusi sailkapen horretan, ondoren Markus Soder Bavariako lehen ministroa eta Jens Spahn Osasun ministroa.
Soder Bavariako Batasun Sozial Kristauko (CSU) buruzagiak kantzilerra izan nahi duela diote zurrumurruek, baina berak Landerrean jarraitu nahi duela ziurtatu du. Spahn CDU zuzentzeko lehian izan zen 2018an, orduan AKK eta Merzekin batera.