Mundua -
Italia
Conteren Gobernuak Kongresuaren konfiantza lortu du
Giuseppe Conteren Exekutiboak gehiengo absolutuaren babesa dauka Kongresuan, baina astearte honetan Senatuan egingo dute bozketa, eta ganbera horretan aldea txikiagoa da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Matteo Renzik koalizio-gobernua utzi izanak eragindako krisi politikoaren ondotik, Guiseppe Conte lehen ministro italiarrak Kongresuaren konfiantza berretsi du astelehen honetan, eta bihar egingo dute bozketa Senatuan.
Conteren Gobernuak gehiengo absolutuaren babesa lortu du: 316 parlamentariren botoak behar zituen horretarako eta 321 eskuratu ditu. Bost Izarren Mugimenduaren, Alderdi Demokrataren, Askeak eta Berdinak alderdiaren eta Talde Mistoaren botoak jaso ditu.
27 diputatu abstenitu egin dira –Italia Viva alderdikoak gehienak- eta 259 parlamentarik kontra bozkatu dute, batez ere eskuindarrek: Liga, Italiako Anaiak eta Forza Italia.
Aipatzekoa da Forza Italiako Reneta Polverini diputatuak Conteren aldeko botoa eman duela, bere alderdiarengandik erabakia urratuta. “Arduraz jokatzeagatik egin dut”, esan du.
Contek Kongresuaren konfiantza eskatu zuen gobernatzen segitzeko eta krisi politikoa amaitutzat emateko, eta gehiengo absolutuaren babesa lortu du. Alabaina, biharko saioa Senatuan beste kontu bat izan daiteke, aldea txikiagoa delako.
Contek 155-158 senatariren botoak eskuratu ditzake eta horrekin gehiengo sinplea izango luke, gehiengo absolutua 161 eserlekutan dagoelako.
Horrez gain, Sergio Mattarella Italiako presidenteak aukera hori onartu egin beharko luke, eta orain arte gehiengo indartsuak eta egonkorrak eskatu ditu.