Mundua -

Murrizketen aurkako protestak

Ikasle eta sindikatuek protesta egin dute italiako 60 hiritan

Aspalditik zeuden iragarrita ikasle zein sindikatuek Italia guztitik egin dituzten mobilizazioak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikasle zein sindikatuek Italia osotik hedatu diren protestak egin dituzte gaur krisiaren eta horrek dakartzan murrizketen aurka eta "hezkuntza eskubidearen alde". Hori guztia, hain zuzen, Mario Monti lehen ministro berria Senatuaren aurrean aurkeztu den egun berean gertatu da.

Milan, Turin eta Erroman egindako protestetan Polizia manifestarien aurka oldartu da, eta aldez aurretik egin behar zuten ibilbidea egitea debekatu diete. Erromaren kasuan Senatura heltzea zen helburua, Mario Monti ministro berriak Gobernuaren programa berria aurkezten zuen bitartean.

Protestak hiriburu ezberdinetan

Erroman, ikasleek Silvio Berlusconi eta Maria Stella Gelmini Hezkuntza ministroaren gobernuaren bukaera txalotu dute, "baina horrek ez du esan nahi eskubideen alde borrokatzeari utziko" diotela, eta alde horretatik Gobernu berriaren aurrean beren eskubideak defendatuko dituztela bermatu dute. Manifestazioa egiten ari zen momentu berdinean, Elsa Formero Berdintasun, Ongizate eta Politika Sozialen ministroak "protestaren arrazoiak" kontuan hartuko dituztela esan du.

Milanen, Lombardiako hiriburuan, protestak 10.000 lagun bildu ditu, eta tentsio handiko uneak bizi izan dira manifestazioan parte hartzen ari ziren bi taldek elkarri eraso diotenean. Manifestariek "Ez Berlusconi ez Monti" oihukatuz bukatu dute protesta.

Palermon, Siziliako hiriburuan, Berlusconiren alderdiaren eta Siziliako Bankuaren egoitzen aurrean egin dute agerraldia, eta Polizia eta ikasleen arteko tirabirek zauritu bat eragin dute.

Florentzian, ostera, Gobernu berriaren kontrako lemak zituzten pankartak erakutsi dituzte. "Monti zeken, kapitalismoaren morroi", "Krisia haiena baina dirua gurea" edota "Banketxe eta nagusien aurka" irakurri ahal izan dira, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea