Mundua -

ITALIA

Italiako Gobernuak konfiantza-galdea gainditu du Senatuan

Giuseppe Conteren Gobernuak aldeko 156 boto, kontrako 140 eta 16 abstentzio lortu ditu.

Giuseppe Conte. Argazkia: EFE
Giuseppe Conte.
Giuseppe Conte. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Italiako Gobernuak, Giuseppe Conte lehen ministroa buru duela, Senatuan aurkeztutako konfiantza-galdea gainditu du astearte honetan, eta Matteo Renzirekin izandako hausturak irekitako krisiari amaiera eman dio horrela. Conteren Gobernuak astelehenean gainditu zuen Diputatuen Ganberan aurkeztutako konfiantza-galdea.

Senatuan, 156 boto izan dira Conteren alde, 140 kontra eta 16 abstentzio. Italiako Exekutiboak aldeko 155 boto behar zituen arrakasta izateko, eta bozketa are estuagoa zen Goi Ganberan, Exekutiboak babes tarte txikiagoa zuelako.

Forza Italiako bi parlamentariren aldeko botoak (ustekabekoak) erabakigarriak izan dira muga gainditzeko. Babes horrek alderditik kanpo utzi ditu, talde politiko horren sortzailea den Antonio Tajanik baieztatu duenez. Bestalde, Renziren Italia Vivako senatariak abstenitu egin dira.

"Gobernuak Senatuaren konfiantza ere irabazi du", idatzi du Contek Twitter sare sozialean, eta "orain helburua gehiengo hori are sendoagoa izatea da", gaineratu du.

Agintariaren hurrengo urratsa Sergio Mattarella Italiako presidentearekin kontsultak egingo dituen erabakitzea da, Exekutiboak gehiengo prekarioa baitu.

"Zenbakiak ateratzen ez badira, Gobernua etxera joango da", adierazi du Contek. Lehen ministroaren arabera, "beti" egon da "elkarrizketarako prest" eta "konfiantza lortuz gero, Gobernua indartu egingo da".

Renziren alderdiari dagokionez, Italia Vivak "harrokeriaren bidea aukeratu du", adierazi du.

Bestalde, Renzik bozketaren ostean egindako adierazpenen arabera, Contek "ez du jarraitzeko zenbakirik"; izan ere, “gehiengo txikia du Ganberan eta ez du gehiengorik Senatuan”. Gainera, Corriere della Sera egunkari italiarrak jaso duenez, Italiak "Gobernu indartsuagoa" behar duela berretsi du bozketa egin baino lehen, eta lehen ministroaren "endrokea" herrialdearentzat kaltegarria dela kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Europar Batasuna Europa Eguneko albisteak Albisteak Italia