Mundua -
Krisia
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak dimisioa emango du babesa bilatzeko
Estatuburuak Gobernua osatzeko beste agindu bat ematea espero du, horrela babes gehiago bilatzeko, orain Renziren alderdia gobernu koaliziotik aterata babes gutxirekin baitago.
agentziak | eitb media
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak dimititu egingo du bihar, Parlamentuan bere koalizioak duen babes txikia dela eta. Izan ere, Matteo Renziren Italia Bizia alderdiak gobernu-koalizioa utzi zuenetik, krisi betean dago agintaria.
Contek Ministroen Kontseiluan jakinaraziko du dimisioa emateko asmoa bihar, 09:00etan, egingo duten Ministroen Kontseiluan, eta ondoren Sergio Mattarella Errepublikako presidentearengana joango da Quirinale jauregira, iturri ofizialen arabera.
Asmoa da estatubutuak gobernua osatzeko agindua ematea, hirugarrena bi urte eta erdian, egun Diputatuen Ganberan eta Senatuan duen babes eskasa dela eta, babes gehiago bilatu ahal izateko.
Gobernuko koalizioa M5S-k, Alderdi Demokratak eta Libreak eta Berdinak alderdiak osatzen dute, izan ere, urtarrilaren 13an Renziren babes garrantzitsua galdu zuen pandemiari aurre egiteko planean zituzten desadostasunengatik.
Aurreko astelehenean, Contek gehiengo osoa eskuratu zuen Diputatuen Ganberan, eta gehiengo sinplean geratu zen Senatuan, baina guztia Talde Mixtoko diputatu eta senatari sorta askotariko bati esker.
Renziren 29 diputatuen eta 18 senatarien abstentzioa ere beharrezkoa izan zen emaitza hori lortzeko.
Orain, Conteren asmoa da zentrokoen babesa lortzea, Silvio Berlusconiren Forza Italiarena edo berriro Renzirekin negoziatzea legegintzaldia 2023an amaitu ahal izateko.
Matteo Salvini eskuin muturreko Ligak eta Giorgia Meloniaren Italiaren Anaiak alderdiak ezezkoa aurreratu dute, hauteskundeen aurrerapena eskatzen baitute.