Mundua -
Krisi instituzionala
Mario Draghik onartu egin du Italian Gobernua osatzeko agindua
Aldedi Demokrata, Italia Bizia, Forza Italia eta Talde Mistoko alderdi txikiago batzuk agertu dira berekin Gobernua osatzearen alde.
agentziak | eitb media
Mario Draghi Europako Banku Zentraleko presidente ohiak onartu egin du Italian premiazko Gobernua osatzeko agindua, Giuseppe Contek Gobernua berriro egiteko negoziazio politikoek porrot egin ostean.
"Une zaila da, presidenteak osasun krisiaren muturreko egoera eta pertsonengan, ekonomian eta gizartean duen eragin larria gogorarazi dit. Larrialdiaren mailako irtenbideak eskatzen ditu. Baiezko erantzuna eman diot presidentearen eskaerari", adierazi du Draghik Sergio Mattarella estatuburuarekin elkartu ostean.
Krisi ekonomikoari eta pandemiari aurre egiteko eman dio agindua Mattarellak, eta hauteskundeen aurrerapena saihesteko.
Draghik Parlamentuan gehiengoa lortzeko aukerarik ba ote duen egiaztatu beharko du; izan ere, zaila izango du, M5S mugimenduak, Gobernua galdu duenak, eta eskuin muturrak dagoeneko iragarri dute ez diotela babesik emango.
Draghik orain negoziazioak abiatuko ditu alderdi politikoekin, eta "batasuna eta elkarrizketa" eskatu dizkie une zailotan "erantzun arduratsua eta positiboa" emateko.
Oraingoz horren alde agertu dira Aldedi Demokrata, Italia Bizia, Forza Italia eta Talde Mistoko zenbat alderdi.
Baina Draghik M5S-ren eta Georgia Meloniren Italiaren Anaiak eskuin muturreko alderdiaren ezezkoa jaso du, hauteskundeak aurreratzea eskatzen baitute inkestek emaitza onak ematen dizkietelako.
Matteo Salvini ultraeskuindarraren alderdiak ere, bigarren indarra denak, nahiago du hauteskundeak aurreratzea, baina Draghiri entzungo dio lehenengo.
Nahikoa babes lortuz gero, Draghi Quirinale jauregira itzuliko da berriro estatuburuaren aurrean erabakia berresteko eta Mattarellari ministroen izenak emateko eta zina egiteko.
Azkenik, Senatuaren eta Diputatuen Ganberaren oniritzia jaso beharko du inbestidura saioetan.