Mundua -

'Udaberri arabiarra'

Argazkilari kataluniar bat zaurituta Egipton, Poliziak erasota

Guillem Valle' The Wall Street Journal' egunkariko argazkilaria ospitaleratuta daukate, baina onik dago.

33 pertsona hil dira azken egunetan, enfrentamenduen ondorioz. EFE
33 pertsona hil dira azken egunetan, enfrentamenduen ondorioz. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guillem Valle 'The Wall Street Journal' egunkariko argazkilari kataluniarra Egiptoko ospitale batean dago, herrialde horretako Segurtasun Indarrek atxilotu eta eraso egin eta gero.

Nolanahi ere, egunkariaren esanetan, onik dago: "Zauritu egin dute, baina onik dago. Kairon dago oraindik, probak egin dizkiote eta badirudi dena ondo duela".

Erasoa astelehenean izan zen, Valle (Bartzelona, 1983) Tahrir plazan jazotzen ari diren enfrentamenduak jarraitzen zegoela.

Antza denez, gaur ere ospitalean jarraitu beharko du, garuneko kommozioa atzeman baitiote.

Gainera, argazkilaritza-ekipo guztia ostu diote (milaka euro balio du), eta Bartzelonako fotokazetariek dirua biltzeko kanpaina abiatu dute sare sozialetan.

Istiluak seigarren egunez Tahrir plazan

Bien bitartean, Tahrir plazan tentsioa ez da murriztu, eta Armadak ez du lortu manifestarien eta polizien arteko borrokak geldiaraztea. Krisi politikoa ere larritzen ari da, legegintzarako hauteskundeak egiteko lau egun falta direnean.

Azken egunetako enfrentamenduotan 33 pertsona hil dira, horietako batzuk, bala zauriez.

Tahrir plazan dagoen mediku boluntario batek azaldu duenez, poliziak gas-potoak erabiltzen ari dira (AEBetan debekatuta daude, minbizia sor dezaketelako). Halaber, Human Rights Watch erakundeak salatu du agenteak aurpegira tiro egiten ari direla, gomazko pilotekin eta benetako suarekin.

Hauteskunde polemikoak

Egipto gidatzen ari den Batzorde Militarreko buruak, Husein Tantui mariskalak, 2012ko uztaila baino lehenago presidenterako hauteskundeak egiteko, salbazio nazionaleko gobernua sortzeko eta legegintzarako hauteskundeen datari eusteko konpromisoa hartu du.

Hainbat alderdik legegintzarako hauteskundeak atzeratzea eskatu dute (astelehenean dira egitekoak), baina Hauteskunde Batzordeak baztertu egin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea