Mundua -
Zigor ekonomikoa
Siria: 'Arabiako zigorrak gerra ekonomiko baten aitorpena dira'
NBEko azken datuen arabera, 3.500 pertsona hil dira Sirian joan den martxoan Al Asaden aurkako matxinada hasi zenetik.
Erredakzioa
Siriako Atzerriko ministroak, Walid al Mualemek, Liga Arabiarrak onartu dituen zigorrak "gerra ekonomiko baten aitorpena" direla esan du. Damaskori eta krisitik ateratzeko plan arabiarrari bizkarra emateaz akusatu dio erakundeari.
Siriako diplomazioako buruak neurri hauek salatu ditu, agintariei baino herritarrei kaltetzen dietelako.
Liga Arabiarrak jarri dizkion zigorren artean, Siriako buruzagiak arabiar herrialdeetara bidaiatzea, dirua izoztea, Siriarekinmerkataritza eta finantza harremanak etetea (herritarrentzat beharrezkoak direnak izan ezik) eta Siriako Banku Zentralarekintransakzioak amaitzea daude.
Al Mualemen ustez, Siriako agintariak krisitik ateratzeko Liga Arabiarrarekin hartutako konpromisoak betetzen ari dira; erakundea da plana betetzen ari ez dena.
Bitartean, milaka eta milaka lagun atera dira beste behin kalera Bachar al Asad Siriako presidenteari babesa azaltzeko.
Liga Arabiarraren zigorrek (Al Asaden erregimenari nazioarteko behatzaileak onartzeko emandako ultimatuma eta gero hartutako neurriek), herrialdearen isolamendu handiagoa dakartzate.
NBEko azken datuen arabera, 3.500 pertsona hil dira Sirian joan den martxoan Al Asaden aurkako matxinada hasi zenetik.