Mundua -
Batzar Nagusia
Siriak zibilen aurka egindako errepresioa gaitzetsi du NBEk
122 herrialdek ebazpena babestu dute, baina 41 abstenitu dira eta 13k kontra bozkatu dute. Indarkeria berehala gelditzeko eskatu du NBEk.
Erredakzioa
Siriako Gobernuak zibilen aurka egindako errepresioa zigortu du gaur NBEko Batzar Nagusiak, eta indarkeria berehala gelditzeko eskatu du. Dagoeneko 3.500 hildako utzi ditu iragan martxoan hasitako gatazkak.
Gutxienez 29 pertsona, horietako sei adingabeak, hil dira gaur Siriako probintzia ezberdinetan, Bachar al Asaden erregimenaren errepresioa dela-eta, Koordinazio Batzorde Lokalek jakinarazi dutenez.
122 herrialdek ebazpena babestu dute, baina 41 abstenitu dira eta 13k kontra bozkatu dute. Besteak beste, Iranek, Ekaudorrek, Venezuelak, Kubak, Nikaraguak, Myanmarrek eta Ipar Koreak aurkako botoa eman dute Batzar Nagusian.
"Nazioartea ezin da isilik egon Sirian gertatzen ari denaren aurrean", esan du Mark Lyall Grant Erresuma Batuko enbaxadoreak. Ildo horretan, "erabaki hori Sirian gertatzen ari denaren aurkako erantzun bateratua da", adierazi du.
Nazio Batuen Erakundeko txostenak 61 herriren babesa izan du, besteak beste, Marokorena, Jordaniarena, Saudi Arabiarena, Katarrena, Bahreinena eta Kuwaitena. Txosten horrek azken zortzi hilabeteotan Siriak bizi izandako atzerapausoa azpimarratu du.
Bachar al Asad Siriako presidentearen Gobernuak "giza eskubideak bortxatzen jarraitzen ditu", Nazio Batuen Erakundeko herriek eta Arabiar Ligak giza eskubideak errespetatzeko eskatu arren.
Azken egunotan hildakoen kopurua handitu da; gutxienez, 17 pertsona (horietatik lau adingabe) hil dira gaur Sirian errepresioaren ondorioz.