Mundua -
Hauteskunde ostean
Justizia eta Garapena alderdiko burua, Marokoko lehen ministro berria
Mohamed VI erregeak ostiraleko hauteskundeetan boto kopuru gehien lortu zuen alderdi islamista moderatuaren buruzagia izendatu du Marokoko lehen ministro berria.
Erredakzioa
Marokoko Erregearen Etxeak zabaldu duenez, Mohamed VI erregeak Abdelilah Benkirane Justizia eta Garapena alderdi islamista moderatuaren liderra izendatu du lehen ministro berria, joan den ostiraleko hauteskundeetan alderdi honek boto kopuru gehien eskuratu ostean.
Joan den uztailean Konstituzio berria erreferendumaren bidez onartu ostean, Parlamenturako hauteskundeak izan ziren joan den ostiralean. Konstituzio berri honek erregearen boterea murrizten, lehen ministroaren eskumenak handitu eta hauteskundeetan boto gehien izan dituen alderdiaren jokaera nolakoa izan behar den zehazten ditu.
Justizia eta Garapena alderdiko idazkari nagusia Rabaten jaio zen 1954. urtean eta Fisikan lizentziaduna da. Goi eskola batean irakaslea izan zen eta 2008tik alderdi islamista moderatu honen buru da, Sadeddine El Othmani ordezkatu ostean.
Benkiranek 'Al Islah', 'Ar Raya' eta 'Attajdid' kazetak zuzendu ditu eta Irakaskuntzako Goi Batzordearen kide da. Lehen ministro berria ezkonduta dago eta sei seme-alaba ditu.