Mundua -

Hauteskunde legegileak

Bukelek garaipena ospatu du El Salvadorren, behin betiko emaitzak ezagutu gabe

Inkestek eta Hauteskundeetako Auzitegi Gorenak emandako lehen datuen arabera, erraz irabazi ditu hauteskundeak Bukeleren ofizialismoak.

El Salvadorreko presidente Nayib Bukele. Argazkia: EFE
El Salvadorreko presidente Nayib Bukele
El Salvadorreko presidente Nayib Bukele. Argazkia: EFE

EiTB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nayib Bukele El Salvadorreko presidenteak alderdi ofizialisten garaipena ospatu du, Hauteskundeetako Auzitegi Gorenaren eta hauteslekuetan egindako inkesten lehen datuetan oinarrituta. Horrela balitz, Batzar Legegilearen gaineko kontrola berretsiko lukete bozek.

8.451 aktatik 1.000 baino ez dituzte zenbatu oraindik, alegia, botoen % 11,82. Emaitza horiek kontuan izanda, baina, Bukeleren alderdiak eta haren kide den Ganak erabateko garaipena lortuko lukete. Izan ere, baliteke Bukelek botoen erdia baino gehiago eskuratzea.

Hauteskunde egunean zehar, ordea, ustezko iruzur baten gaineko zurrumurrua zabaldu zuen Bukelek berak, hautesleku batzuk berandu zabaldu dituztelako eta Auzitegi Gorenak bere alderdiari kalte egin omen diolako.

Twitter bidez ospatu ditu emaitzak Bukelek, "Garaipena" hitza eta su-artifizialen bideo bat argitaratuta.

Ordu batzuk geroago, inkesta baten emaitzak aipatu ditu, botoen % 67,14 lor lezakeela iragarrita. Horrek esan nahiko luke 53 diputatu izango lituzkeela, eta Ganak, berriz, hiru.

"Eskerrak Jainkoari. Eskerrik asko El Salvadorreko herriari", erantsi du Bukelek bere mezuan.

Behin boto guztiak zenbatuta emaitza horiek konfirmatuko balira, alderdi tradizionalen porrota ekarriko luke horrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak