Mundua -

Putinen gehiengo ahula

Errusiako hauteskundeetan izandako iruzurra salatu dute begiraleek

"Hautestontzietan boto-paper ugari sartu" dituztela eta "agintariek eskua sartu" dutela salatu du nazioarteko begiraleen misioak.

Hauteskundeetako emaitzen kontra egindako manifestaldia Moskun. EFE
Hauteskundeetako emaitzen kontra egindako manifestaldia Moskun
Errusiako hauteskundeetan iruzurra frogatutzat ematen dute begiraleek

02:22

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Errusia Batua (RU) Vladimir Putinen alderdiak gehiengo absolutua doi-doi mantendu du Duman, Errusiako Parlamentuan, baina hauteskundeetan irregulartasunak izan direla salatu dute nazioarteko begiraleek. Iruzurra salatu dute begiraleek.

Dmitri Medvedeveven alderdi ofizialistak 238 ordezkari lortu ditu Duman, agintariek jakitera eman dituzten emaitzen arabera. Parlamentuak 450 eserleku ditu. Errusia Batuak ia 15 milioi boto galdu ditu.

Putinen alderdiaren aldeko irregurlartasun ugari izan direla salatu dituzte. Europako Segurtasun eta Lankidetzako Antolakundeko (ESLA) eta Kontseilu Europarreko Parlamentuko (PACE) nazioarteko begiraleen misioak egindako txostenak berretsi ditu salaketa horiek.

Txostena

"Zenbaketan zehar hauteskundeen kalitateak nabarmen behera egin du, prozedura behin baino gehiagotan urratu dute eta manipulazioa eman da, izan ere, hautestontzietan boto-paper ugari sartu dituztenaren zantzu larriak azaldu dira", adierazi dute nazioarteko begiraleek txostenean.

Petros Efthymiou begiraleen misioko buruzagiak aurkeztu du ondorioen dokumentua prentsaurrekoan. "Agintariek hauteskundeetan eskua sartu" dutela salatu du Efthymiouk.

Hauteskunde-batzorde Zentralaren "independentzia falta" dela-eta "hauteskunde garbiak izateko baldintzak" ez dira sortu, txostenaren arabera. Gainera, "komunikabide gehienen alderdikeriak" eta "buruzagien esku-sartzeek" ez dute batere lagundu.

Protestak eta ehunka atxilotu

Horrela gauzak, ehunka pertsona atxilotu dituzte Moskun Hauteskunde-batzorde Zentralera sartzen saiatzeagatik. Igandeko hauteskundeetan izandako emaitzen aurka protesta egin dute milaka lagunek eta ondoren istiluak jazo dira.

Itar-Tass Errusiako albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez, 300 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte, baina kopurua dexente handiagoa izan daitekeela ohartarazi dute beste iturri batzuek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea