Mundua -
HAUTESKUNDEAK
Rutte lehen ministroaren alderdi liberalak irabazi ditu Herbehereetako hauteskundeak
Hala ere, koalizio gobernua osatu beharko du berriro ere. Laugarren agintaldia izango du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Herbehereetan, Mark Rutte lehen ministroaren alderdi liberalak irabazi ditu atzo herrialdean egin ziren hauteskunde legegileak. Hautagai liberalak laugarren agintaldia abiatu ahalko du, baina koalizio gobernua osatu beharko du horretarako.
Botoen % 63 zenbatuta, VVD alderdi liberalak 36 eserleku eskuratu ditu Hagako Parlamentuan, orain arte zituenak baino hiru gehiago. Liberalen atzetik gelditu dira D66 alderdi progresista eta PVV alderdi ultraeskuindarra.
Sigrid Kaag buru duen D66 ezkerreko alderdi liberalak aurreikuspen guztiak gainditu ditu eta 24 eserleku lortu ditu, PVV ultraeskuineko alderdia hirugarren postura baztertuz. Geert Wildersen alderdia 17 diputaturekin geratu da, hiru gutxiagorekin.
Egungo gobernuko kide den CDA alderdi demokristauak lau aulki galdu ditu eta 15 ordezkari izango ditu Parlamentu berrian.
Gaueko beste irabazleetako bat ultraeskuina izan da. Thierry Baudetek gidatutako FvD alderdia bi eserleku izatetik 8 izatera igaro da.
Volt alderdi europazaleak Parlamentuan sartzea lortu du hiru ordezkarirekin. Bestalde, FvD alderdiaren zatiketatik sortutako JA21 alderdi ultraeskuindarrak 4 eserleku izango ditu. Halaber, BBB nekazarien alderdia ere Parlamentuan sartu da, eserleku batekin.
Zenbaketa amaitu zain, 16 alderdik lortuko lukete ordezkaritza Hagako Parlamentuan.
Botoen zenbaketak gaur jarraituko du. Izan ere, koronabirusari aurre egiteko ezarritako osasun neurriak tarteko, kontaketa ohi baino motelago doa.