Mundua -
TIROKETA AEB-N
Gutxienez zortzi hildako Atlantako hiru masaje-areto asiarretan izandako tiroketetan
Ustezko erruduna, 21 urteko gizonezkoa, atxilotu dute. Hasiera batean, Poliziak erasoak lapurretatzat hartu arren, arrazakeriak eragindakoak izan daitezkeela zabaldu dute zenbait komunikabidek.
EITB MEDIA
Gutxienez zortzi pertsona hil dira astearte honetan Atlantan (AEB), hiru masaje-areto asiarretan izandako erasoetan. Agintariek dagoeneko atxilotu dute ustezko erruduna.
Atxilotua 21 urteko gizonezko bat da, eta atzo gauean atxilotu zuten Atlantatik 150 milia (250 kilometro) hegoaldera.
Agintariek oraindik ez dute jakinarazi zergatik egin omen zituen hiru erasoak, baina hasiera batean Poliziak lapurreta gisa hartu zituen. Hala ere, zenbait hedabideren arabera, arrazakeriak eragindako erasoak izan litezke; izan ere, sei biktima jatorri asiarreko emakumeak dira.
Lehen tiroketa 17:00ak baino lehentxeago gertatu zen Young 's Asian Massage Parlor aretoan, Atlantako iparraldean, Cherokke konderrian. Erasotzaileak lau pertsona hil zituen lehen eraso horretan: hiru emakume, horietako bi asiarrak, eta gizon bat. Beste pertsona bat zaurituta geratu zen.
Handik gutxira, 17:45 aldera, beste lau pertsona hil zituen Georgiako hiriburuko etxadi bereko bi aretotan egindako erasoetan.
Lehenengoan (Gold Spa) hiru emakume hil zituen eta bigarrenean (Aromatherapy Spa) beste emakume bat, asiar jatorrikoak guztiak.
Asiar-estatubatuar komunitatearen aurkako erasoak
The New York Times egunkariak aipatu duenez, Stop AAPI Hate gobernuz kanpoko erakundeak (koronabirus pandemian asiarren bazterketa salatzen duena) gertaera "tragedia deskribaezina" izan dela adierazi zuen.
Gobernuz kanpoko erakundearen arabera, martxoan covid-19aren pandemia deklaratu zenetik ia 3.800 kasu zenbatu dituzte asiar-estatubatuarrei zuzendutako gorroto istiluen inguruan herrialde osoan.