Mundua -

Diktadura militarra

Indar Armatuen Eguneko errepresio basatiak 114 hildako utzi ditu Myanmarren

"Indar Armatuen Lotsarako Eguna" izendatu du dagoeneko oposizio demokratikoak. Hildakoen artean 13 urteko neskato bat omen dago.

Barrikada bat Yangonen (Myanmar). Argazkia: EFE
Barrikada bat Yangonen (Myanmar). Argazkia: EFE
90 lagun hil dira Myanmarren polizia eta soldaduekin izandako enfrentamenduetan

0:54

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 114 pertsona hil dira Myanmarreko 44 udalerritan, segurtasun indarren errepresioaren ondorioz, Myanmar Now bertako komunikabideak jakitera eman duenez. Indar Armatuen 76. Egunean, manifestariek estatu-kolpe militarraren aurka protesta egin dute berriro.

Otsaileko kolpearen aurkako protestak hasi zirenetik 320 hildako inguru zenbatu dituzte, beraz, azken orduetan horietako heren bat hil da. Istiluak izan dira manifestazio ezberdinetan, Yangon, Lashio, Mandalay, Kyaukpadaung eta Kyeikhton.

"Indar Armatuen Lotsarako Eguna" izendatu du dagoeneko oposizio demokratikoak, CRPH gobernu demokratiko klandestinoak.

Hildakoen artean 13 urteko neskato bat dago, Myanmar Now-ko iturrien arabera, baita 21 urteko Chit Bo Nyein gaztea, Hantharwady United 21 urtez azpiko futbol taldearen kapitaina ere. Antza denez, segurtasun indarrek Chit Bo Nyein tirokatu dute, familiaren dendan laguntzen ari zenean, Inseinen (Yangon), lekukoek DPAri azaldu diotenez.

Gainera, Myanmar Now-k jakinarazi duenez, urtebeteko haurtxo bat zauritu da Mayangonen (Yangon), gomazko bala batek jota. Umetxoa kalean jolasten ari zen, soldadu talde bat gertu zuela.

Min Aung Hlaing Myanmarreko Armadaren komandante buruzagiak hauteskunde askeak agindu ditu larunbat honetan. MRTV telebistak, ostera, herritarrei kaleetara ez ateratzea eskatu zien bezperan, "buruan edo sorbaldan tiro bat jaso zezaketela" ohartaraziz.

Inguruan gertatzen denetik kanpo, Myanmarreko militarrek okupazio japoniarraren aurkako erresistentzia armatuaren hasiera ospatu dute Naipido hiriburuan.

Min Aung Hlaing jeneralak, diktadurako buruzagiak, 30 minutuko hitzaldia eman du. "Armadak Birmaniako herria eta demokrazia babestuko ditu", azpimarratu du. Alexander Fomin Errusiako Defentsa ministrordea nazioarteko ordezkari bakarra izan da ospakizunean, Myanmar Now-k jakitera eman duenez.

Manifestari batek, Aung San Suu Kyi buruzagiaren tatuajea besoan. Argazkia: EFE

Aung San Suu Kyi buruzagiaren tatuajea manifestari baten besoan. Argazkia: EFE

Aung San Suu Kyi buruzagiaren askatasuna aldarrikatu dute manifestariek, "Diktadura Militarraren Aurkako Eguna" lelopean. Estatu-kolpearen ostean Aung San Suu Kyi etxean giltzapetu zuten militarrek.

Ned Price AEBetako Estatu Departamentuko bozeramaileak kezka agertu du herrialdearen egoera ikusita. "Hunkituta" eta "triste" azaldu da, "segurtasun indarrak biztanleen aurka arma hilgarriak erabiltzen ari direlako".

Bestalde, Myanmarren dagoen NBEko taldea ere "oso kezkaturik" agertu da gertakari politikoen aurrean.

Sarraskiaren berri izan ondoren, NBEk, EBk eta AEBk segurtasun indarren indarkeria gaitzetsi dute. Horrela, NBEk "ikara" azaldu du, "bizitzak alferrik galdu direlako".

"Irain eta beldur eguna bezala grabaturik" geratuko dela esan du EBren ordezkaritzak. "Herritar armagabeen sarraskia, umeak barne, ekintza defendaezinak dira", adierazi du Europar Batasuneko ordezkaritzak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Asia