Mundua -

AEB

New York estatuak aisiarako marihuana erabiltzea legeztatu du 21 urtetik gorakoentzat

Legedi berriak 350 milioi dolar urteko zergetan eta 30.000 eta 60.000 lanpostu artean sortu ahal ditu.

Cannabis. Argazkia: EITB
Cannabis.
Cannabis. Argazkia: EITB

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

New York estatuak astearte honetan, martxoaren 30ean, onartu du 21 urtetik gorakoentzat marihuanaren aisialdirako erabilera legeztatzen duen proiektua, AEBko beste 14 estaturen urratsei jarraituz.

Joan den astean demokratek (AEBko Senatua eta New Yorkeko Asanblea kontrolatzen dute) akordioa lortu zuten Andrew Cuomo gobernadorearekin, eta, ondorioz, horren promesa zahar bat bete da.

Martxan jartzen dutenean, proiektuak diru-kutxa publikoak onbideratuko ditu pandemiak kalte handia egin eta gero. Lege honek urtean 350 milioi dolar sor ditzake zerga bidez; funts horien zati bat droga hori edukitzeagatik emandako epai larrien ondorioz arazoak izan dituzten gutxiengoen komunitateetan inbertitu beharko dute.

Hedabideek jakitera eman dutenez, industria berriak 30.000 eta 60.000 lanpostu artean sortuko ditu.

"New Yorkek nazioaren hiriburu aurrerakoia izatearen historia du, eta legedi garrantzitsu honek beste behin jarraituko du ondare horrekin", adierazi du Cuomok ohar batean, eta eskerrak eman dizkie Andrea Stewart-Cousin Senatuko eta Carl Heastie Asanbleako buruzagiei egindako ahaleginagatik.

Era berean, gobernadorearen esanetan, marihuanaren debekuak modu neurrigabean astindu du "beltzen komunitatea", kartzela-zigor larriak jarrita. "Urte askotako lan gogorraren ondoren, lege historiko honek justizia egingo du denbora luzez baztertuta egon diren komunitateekin, eta industria berri bat bultzatuko du, ekonomia eta jendearen segurtasuna handituko dituena", azaldu du.

Proiektuak Cannabisaren Erabilerarako Bulegoa eta Cannabisaren Kontrolerako Batzordea sortzea ekarriko du, eta horiek arduratuko dira helduen erabilerarako programa arautzeaz eta baimenak emateaz, baita gaur egun marihuanaren erabilera terapeutikorako duten programa eta kalamu programa kudeatzeaz, tokiko hedabideen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea New York Ameriketako Estatu Batuak Drogak Eguneko albisteak Albisteak