Mundua -

Mexiko-AEB muga

20.000 adin txikiko migratzaile baino gehiago daude AEBko Gobernuaren zaintzapean

Mexiko eta AEBren arteko muga bakarrik zeharkatzen duten haurren kopuruarekin oso kezkatuta agertu dira tokiko agintariak; izan ere, 747 adingabe heldu ziren asteartean AEBra.

Adingabe migratzaile talde bat, Mexiko eta AEBren arteko mugan. Argazkia: EFE
Adingabe migratzaile talde bat, Mexiko eta AEBren arteko mugan.
Adingabe migratzaile talde bat, Mexiko eta AEBren arteko mugan. Argazkia: EFE

A. O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bakarrik dauden 20.273 adin txikiko migratzaile Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuaren agentzien babespean daude, Mexikoko muga haien kabuz igaro ostean, AEBko Administrazioak emandako datuen arabera.

Hain zuzen ere, bakarrik dauden 4.200 haur inguru Aduanen eta Mugako Babeserako Bulegoaren (CBP, ingelesezko sigletan) esku daude, eta 16.000 baino gehiago AEBko Osasun eta Gizarte Zerbitzuen Sailaren zaintzapean, CNN hedabideak zabaldu duenez.

Ildo horretatik, Mexiko eta AEBren arteko muga bakarrik zeharkatzen duten haurren kopuruarekin oso kezkatuta agertu dira tokiko agintariak; izan ere, 747 adingabe heldu ziren asteartean AEBra.

Hala, Joe Biden AEBko presidentearen administrazioak mugako zaintzaz arduratzen den polizia-etxearen inguruan dagoen jendetza sakabanatu nahi du, eta adin txikikoak Osasun Departamentuak gainbegiratzen dituen zentroetara eraman.

CNNk lortutako agirien arabera, AEBko Gobernuak oheen kopurua handitu behar du, eta denbora asko murriztu behar du adingabeak AEBko senideren bati eman arte, mugan jende pilaketak saihesteko. Testuinguru horretan, azken asteetan, hamar gune baino gehiago ireki dituzte adingabe horiek hartzeko.

Halaber, Jen Psaki Etxe Zuriko bozeramaileak adierazi duenez, mugan banandutako familiak batzea "erronka konplexua" da, eta "banandutako familien datu base bat" egiten ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Migrazioa Ameriketako Estatu Batuak Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Umeak