Mundua -
Bederatzi urteko gerra
Iraken zeuden AEBetako militar guztiak etxera itzuli dira dagoeneko
Obamak hauteskunde kanpainan hitza eman ostean, AEBetako azken konboi militarrak Irak utzi du. Bederatzi urteko iraupena izan duen gatazkak 4.500 hildako estatubatuar utzi ditu.
Erredakzioa
AEBetako azken konboi militarrak Irak utzi du dagoeneko eta horrek amaiera eman dio bederatzi urteko iraupena izan duen gerrari. Gatazka honetan 4.500 soldadu estatubatuar eta 40.000 zibil inguru hil dira. Sadam Husein boteretik botatzeko eta honen programa nuklearra gelditzeko asmoz, AEBek lehen misilak bota zituzten Bagdaden gainean 2003ko martxoan.
Irakeko militar estatubatuar guztiak etxera ekartzeko hitza eman zuen hauteskunde kanpaina bitartean Barack Obama AEBetako presidenteak. Irakiarrentzat subiranotasun auzi bat da, azken hilabeteetan izandako erasoen ondorioz, Irak herritarren segurtasuna bermatzeko gai ote den zabaldu bada ere.
Izan ere, Irakeko zenbait buruzagi militarrek AEBetako tropen egonaldia luzatzea eskatu zuten, bertako segurtasuna eta egonkortasuna bermatzeko helburuz. Horren harira, AEBetako eta Irakeko Gobernuek bilerak egin zituzten baina ez ziren akordio batera heldu.
Gatazkaren zenbait uneetan, AEBetako 170.000 soldadu inguru izan ziren Irakeko base militarretan. Larunbat honetan, berriz, 3.000 soldadu besterik ez ziren geratzen.