Mundua -
ISTRIPU NUKLEARRA
Fukushimako ur erradioaktiboa itsasora isurtzea erabaki du Japoniak
Isurketak 2023an hasiko lirateke, Fukushimako zentral nuklearrean pilatutako ura tratatu ondoren.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Japoniako Gobernuak Fukushimako zentral nuklearrean pilatutako ur erradioktiboa itsasora isurtzea erabaki du. Iragarri duenez, aurrez ur hori tratatu egingo du elementu erradioaktibo gehienak ezabatzeko. Isurketak bi urte barru hasiko lirateke, 2023an.
Yoshihide Suga lehen ministro japoniarrak gaur goizean bildu du bere gobernua erabaki hori formalizatzeko. Hamar urte pasatu dira Fukushima astindu zuen lurrikara eta tsunamia gertatu zenetik. Istripu nuklear hartan Fukushimako sei erreaktoreetako hiru kaltetu ziren.
Zazpi urte baino gehiago igaro dituzte biltegiratutako ur kutsatu horrekin zer egin eztabaidatzen. Aurreikuspenen arabera, 2022. urtearen erdialderako beteko dira biltegi horiek. Irailean, 1,23 milioi tona ur zeuden biltegiratuta, 1.044 tangatan.
Bi urte barru hasiko dira Fukushimako ura itsasora askatzen, eta litekeena da husteko prozesuak hainbat hamarkada irautea.
Arrantzaleak eta bertako biztanleak aurka daude, eta gizarte zibileko erakundeak kezkatuta agertu dira isurketa horrek ingurumenean izan dezakeen eraginagatik.