Mundua -

Ameriketako Estatu Batuak

Zazpi pertsona, tartean neskato bat, hil dira AEBn izandako hiru tiroketetan

Wisconsin, Texas eta Illinois estatuetan jazo dira. Azken horretan, Chicago hiriko McDonald's jatetxe batean, zazpi urteko neskato bat hil dute.

AEBko militarrak, Austingo tiroketara bidean. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
AEBko militarrak, Austingo tiroketara bidean.
Zazpi pertsona hil dira azken orduetan AEBeko hiru estatutan izandako tiroketetan

1:04

E. G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zazpi pertsona, tartean zazpi urteko neskato bat, hil dira Ameriketako Estatu Batuetan (AEB) izandako hiru tiroketetan. Zehazki, hiru pertsona hil dira Kenosha hirian (Wisconsin estatua), beste hainbeste Austinen (Texas) eta, azkenik, zazpi urteko neskatila bat hil dute Chicagoko (Illinois) McDonald's jatetxe batean.

Hiru pertsona hil eta beste hiru zauritu dira Kenoshako taberna batean izandako tiroketan. Sheriffaren bulegoaren arabera, "nahastuta egon daitekeen pertsona bat" atxilotu dute. Iturriok esan dute aurrez pentsatutako eraso bat izan dela eta hildako hiru pertsonek elkar ezagutzen zutela.

Austinen, beste hiru lagun zendu dira. Kasu honetan, ez dute inor atxilotu eta Poliziak zehaztu du oraindik arriskua dagoela; izan ere, uste dute erasotzaileak bahituak har ditzakeela edo lekuren batean babes daitekeela. Beraz, kontuz ibiltzeko deia egin du Joe Chacon Austingo poliziaburuak.

Azkenik, Chicagon, zazpi urteko neskatila bat hil eta aita larri zauritu dute. Biak auto barruan zeuden hiriko McDonald's jatetxe batean janaria eskatzeko ilaran pertsona batek tirokatu dituenean. Hor ere ez dute inor atxilotu.

Gun Violence Archive (GVA) elkartearen arabera, 2021ean 150 tiroketa izan dira AEBn, 45 martxoan. 2020an, 610 izan ziren guztira, eta 2019an, 417.

Bidenek erreforma proposatu du

Azken asteetan izandako tiroketek armen jabetzaren eztabaida mahaigaineratu dute beste behin, eta Joe Biden presidenteak hainbat neurri iragarri ditu, tartean aurrekariak dituztenak hobeto kontrolatzea.

Dena dela, Bidenen erreformek bide zaila dute, Senatuan gehiengo estua dutelako demokratek eta gutxienez 10 senatari errepublikano konbentzitu behar dituztelako neurriok aurrera ateratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden