Mundua -

MEXIKO

25 pertsona hil dira Mexiko Hiriko metroan zubi bat erorita

Desagertuta zegoen ume bat hilda topatu dute azken orduetan. Fiskaltzak ikerketa zabaldu du homizidio eta ondasunei kalte egiteko delituengatik

Istripua Mexiko hiriko metroan. Argazkia: EFE
Istripua Mexiko Hiriko metroan
15 hildako eta 70 zauritu Mexiko Hirian, metroaren zubi bat behera etorri denean

1:03

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 pertsona hil eta 65 zauritu dira astelehen honetan Mexiko Hiriko metroan izandako istripuan. Oraindik argitzeke dauden arrazoiak tarteko, zubia hautsi egin da konboia bertatik igarotzen ari zenean. 

Metroko 12. lineako bi bagoi ibilgailuz beteriko etorbide batera jausi dira bertan 22:20 zirenean (05:20 Euskal Herrian).

"Zoritxarrez, konboia igarotzen ari zenean, habe bat erori egin da. Istripuaren arrazoiak argitzeko beharrezkoak diren ikerketak egingo dira", esan du Claudia Sheinbaum Mexiko Hiriko gobernuburuak istripuaren tokian bertan eskaini duen prentsaurrekoan.

Sheinbaumek jakitera eman duenez, biktimen artean adin txikikoak daude, baina ez du zehaztu hilda edo zaurituta dauden. Hain justu, azken orduetan istripua izan zen inguruan desagertu zen mutiko baten hilotza gorputegi batean topatu dute.

12. linea 2012ko urriaren 30ean inauguratu zen, baina 2014ko martxoan itxi zuten, behin-behinean, akatsengatik. 2015ean, urria eta azaroa bitartean, hainbat zati ireki zituzten berriro.

Ondoren, zati hori berritu egin zuten, baina, auzokideek salatu dutenez, egitura ahulduta geratu zen 2017ko iraileko lurrikaren ondorioz.

Hainbat elkartek instalazioen prekarietatea eta mantentze lanen falta kritikatu dute.

Mexikoko hiriburuko metroak 6 milioi erabiltzaile baino gehiago ditu egunero, astelehenetik ostiralera, eta kopuru horrek nabarmen egiten du behera asteburuetan.

Mexiko Hiriko Fiskaltza Nagusiak jakinarazi duenez, ikerketa zabaldu du homizidio eta ondasunei kalte egiteko delituengatik. Horrez gain, hiru dolu egun ezarri dituzte istripuagatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Egungo berriak Mexiko albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Tren istripuak