Mundua -
Hauteskunde konstituziogileak
Independenteek eta oposizioak gidatuko dute Txileko Konstituzio berria
Oposizioko bi zerrendak eta independenteek jokoan zeuden 155 eserlekuetatik 101 eskuratu dituzte. Horietatik 83 emakumeak izango dira.
EiTB Media | Agentziak
Txilen, Konstituzioa berria idatziko duten 155 herritarrak aukeratzeko hauteskundeak egin dituzte asteburuan, eta independenteek eta ezkerreko eta zentroko oposizioak gidatuko dute prozesua. Diktaduran onartutako araudia ordezkatuko du legedi berriak.
Botoen % 94,5 zenbatuta, oposizioko bi zerrendak 53 eserleku eskuratu dituzte eta independenteek, ostera, 48. Horien guztien artean, jokoan zeuden 155 eserlekuetatik 101 lortu dituzte. Horietatik 17 eserleku indigenentzat izango dira eta parekidea izango da.
Eskuina izan da hauteskundeetako galtzaile nagusia. Izan ere, 37 aulki erdietsi ditu eta Konstituzio Berrian eragiteko beharrezkoak zituen 52 eserlekuetatik urrun gelditu da.
Emaitzak ezagutu berritan Piñera Txileko presidente eskuindarrak onartu duenez, ez Gobernua eta ezta alderdi tradizionalak ere ez dira bat egiten ari herritarren eskaerekin eta nahiekin.
Parte-hartzea % 37 ingurukoa izan da, gutxi gorabehera, eta bozkatzera joan diren herritarrek alderdi politikoak zigortu dituzte.
Gizonek eta emakumeek idatzia
Batzorde konstituziogileak 17 eserleku gordeko ditu indigenentzat, eta parekidea izango da. Horrela, hilabete gutxi barru gizonek eta emakumeek idatzitako munduko lehen Konstituzioa izango du Txilek.
Konstituzio berria bederatzi hilabetetan amaitu behar dute, hiru hilabeteko luzapen bakar batekin, eta 2022an onartu ala atzera botako dute erreferendumean, derrigorrezko botoarekin.