Mundua -
Nigeria eta Burkina Faso
Gutxienez 220 pertsona hil dituzte bi erasotan, Mendebaldeko Afrikan
Gizon armatuek 132 zibil hil dituzte Burkina Fasoko ipar-ekialdean. Beste eraso armatu batek 88 pertsona hil ditu Nigeriako ipar-mendebaldean.
EiTB Media | Agentziak
Bi eraso armatuk gutxienez 220 pertsona hil dituzte azken orduetan, Mendebaldeko Afrikan. Horrela, gutxienez 132 zibil hil dituzte jihadisten aurkako boluntarioen (VDP) postu baten aurka egindako erasoan, Sohanen, Burkina Fasoko ipar-ekialdean.
Gainera, beste 88 pertsona hil ditu eraso armatu batek Wasagu/Dankon, Kebbi estatuan, Nigeriako ipar-mendebaldean, Poliziako iturriek larunbat honetan baieztatu dutenez.
Burkina Fason, erasotzaileek herriko etxeei eta azokari su eman diete. Roch Marc Christian Kabore Burkina Fasoko presidenteak hiru dolu egun ezarri ditu.
"Segurtasun indarrak ekintza doilorraren arduradunak aurkitzeko eta neutralizatzeko lanean gogor ari dira", adierazi du Kaborek. "Gaiztakeriaren aurka batasuna behar dugu", aldarrikatu du buruzagiak.
Aldez aurretik, erasoa iragan ostiralean hasi zela jakitera eman du Omega bertako irratiak, eta goizean Solhan hirian (Yagha probintzia) jarraitu du.
Gainera, Poliziako iturriek Burkina Fasoko agentzia ofizialari (AIB) azaldu diotenez, biktimen kopurua behin-behinekoa da, erasotzaileak biztanleriaren aurka "itsu-itsuan" tiro egin dutelako. Biztanleriaren kontrako azken urteetako erasorik odoltsuena izan da.
Sebba probintziako hiriburutik 14 kilometrora dago Solhan. Otsailaren 13an, lapur talde batek alkatearen ondokoa hiru astez bahitu zuen. Azkenean ihes egitea lortu zuen.
Burkinako landa-guneetan erasotzaile jihadisten aurka borrokan ari den milizia osatzen dute Aberria Defendatzeko Boluntarioek (VDP).
Gobernuz kanpoko bertako erakundeek salatu dutenez, taldea "heriotzaren eskuadroi" gisa ekin izan du, "terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakiarekin zibilak hil dituelako, bereziki fulani edo peul etniakoak".
Bestalde, David Beriain kazetari iruindarra eta Roberto Fraile Barakaldoko kameralaria iragan apirilean hil zituzten Burkina Fason.
Nigerian, Kimpi, Koro, Dimi, Gaya, Rafin-Gora, Goya, Zulu eta Iguenge herrixkak erasotu dituzte. Mukthar Umoru Goyako bizilagunak azaldu duenez, erasotzaileak motorrean heldu dira.
Lapurren erasoak eta artzainen eta nekazarien arteko gatazka areagotu dira Nigeriako ipar-mendebaldean, eta ipar-ekialdeak Boko Haram bezalako erakunde jihadisten mehatxupean jarraitzen du.
Hain zuzen ere, ISWAP erakunde jihadistak Abubakar Shekau Boko Harameko buruzagiaren heriotza baieztatu du larunbat honetan. Ustez iragan maiatzean immolatu zen Shekau, Estatu Islamikoaren zatiketa horrek ez harrapatzeko.