Mundua -
Iruzkina
Lehentasunak
Europar Batasunaren gizarte eredua eta antolaketa politikoa Ameriketako Estatu Batuengandik gertuago dago, baina eredu europarra ezinezkoa da Txinarekiko harreman ekonomikorik gabe.
Juanjo San Miguel
Ameriketako Estatu Batuetan presidentea aldatu izanak berehalako eragina izan du mundu guztian. Batzuk poztu egin dira, beste batzuentzat aldaketa txarrerako izango da eta askoren iritziz, agintari gorena bat edo beste izan, iparramerikarrek antzera jokatuko dute euren interesen defentsan. Joe Biden Europan izan da aste honetan eta behin eta berriz adierazi du Estatu Batuak itzuli direla eta betiko aliatuekiko harremanak berreskuratu eta sendotzeko asmoa duela. Baina hauekin izandako lehen bileratan, bai G7 deritzan taldean, baita NATOko eta Europar Batasuneko buruekin izandako batzarretan, berak finkatu ditu gaiak, berak edo bere gertukoek erabaki dute zer den garrantzitsua, zein den etsaia eta zeintzuk diren helburu orokorrak.
Txina eta Errusia omen dira etsaiak, garapen ekonomikoa eta Europarekiko lankidetza helburuak eta pandemia ondorengo aroa antolatzeko beharra lehentasuna. Baina aste honetako bileratan, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi du Txina garrantzitsuegia dela etsai edo arrisku eragile gisa borrokatu beharrekoen multzoan sartzeko. Europarentzat gaur egun ezinbestekoak dira Txina, industria, merkataritza eta metal arrazoiengatik, besteak beste, Errusia, energia hornitzaile delako eta Estatu Batuak teknologia sortzaile nagusia delako.
Europar Batasunaren gizarte eredua eta antolaketa politikoa Estatu Batuengandik gertuago dago, Txina edo Errusiakotik baino, baina Bruselak aitortu behar izan du ezberdinekin bizi eta orekak lortzea ezinbestekoa dela, Txinarekiko harreman ekonomikorik gabe eredu europarra ezinezkoa delako. Estatu Batuek nazioarteko harremanetan dituzten irizpideak gehiegitan Europarron kontrakoak direla edo giza eskubideekiko harremanak sarriegi zalantzazkoak izan direla. Europar Batasunak bere eredu propioa aldarrikatu nahi du, besteak beste, munduko lehen potentzia delako ekonomian, politikan edo ahulenen babesa antolatzerakoan, baina Elkarte Europarrak beti eragozpenak izan ditu ahots bakarra erakusteko.
Gizateriaren historian izandako proiektu zailena, aberatsena eta emankorrena izan arren, europarrek ezin izan diote gehienetan ahalegin horri merezi duen etekina atera. Historiak, kulturak, ohiturek, betiko aliatuek, eliteen interesek… zapuztu dituzte ahalegin bateratuak. Europar Batasunak nahi adina akats ditu, egin eta eraiki duen gehiena hobetu liteke, huts nabarmenak egin ditu berez bereak diren balioak zabaltzerakoan, egin dakizkiokeen kritika guztiak zilegi dira eta gehienak benetakoak. Baina gizakion proiektu inperfektua besterik ez da eta beste gizaki batzuek egindakoekiko alderatu beharra dago eta hor agian mereziko luke duen balioa ematea, are gehiago bizi dugun denbora arraro honetatik irteteko lehentasunak finkatzerakoan.