Mundua -

Hauteskundeak

Ebrahim Raisi apaiza Irango presidente aukeratu dute botoen % 62arekin

Parte-hartzea % 48,8koa izan da, Errepublika Islamikoan sekula izan den txikiena presidentea hautatzeko bozetan.

Ebrahim Raisi apaiz eta Botere Judizialeko buruzagia. Argazkia: EFE
Ebrahim Raisi apaiz eta Botere Judizialeko buruzagia.
Ebrahim Raisi, ultra kontserbadorea eta preso politikoen hilketa zigorren arduraduna

1:1

EiTB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ebrahim Raisi apaiz eta Botere Judizialeko buruzagiak hauteskundeak irabazi ditu Iranen, ia 18 milioi boto eskuratuta, bertako Barne Ministerioak jakitera eman duenez.

Abdolreza Rahmani Fazli Barne ministroak iragarri duenez, Raisik 17.926.345 boto erdietsi ditu. Guztira, 28.933.004 boto izan dira hauteskundeetan. Beraz, irabazleak bozen % 61,96 lortu ditu.

59 miloi irandar baino gehiagok boto emateko eskubidea zuten. Ondorioz, parte-hartzea % 48,8koa izan da, Errepublika Islamikoan sekula izan den txikiena presidentea hautatzeko bozetan.

Gainerako presidentegaiei dagokienez, Mohsen Rezaik 3,4 milioi boto bildu ditu, Abdolnaser Hematik 2,4 milioi eta Amirhosein Qazizadeh Hashemi ia milioi bat. Gainerako bozak (3,7 milioi baino gehiago) baliogabe utzi dituzte, ministroak azaldu duenez.

Emaitzak ofizial egin baino lehenago, Raisiren hiru aurkariek porrota onartu eta apaiza zoriondu dute.

Raisi eta Rohani. Argazkia: EFE

Hurrengo Gobernuak "biztanleriaren egoera hobetzea eta Errepublika Islamikoarentzat harrotasuna sortzea" espero duela esan du Hematik, hautagai moderatu bakarra eta Banku Zentraleko gobernadore ohiak, Instagram sare sozialean. Exekutibo berria abuztuan hasiko da lanean.

Besteak beste, Hasan Rohani presidenteak eta Mohamad Baqer Qalibaf Irango Parlamentuko presidenteak Raisi zoriondu dute, baita Vladimir Putin eta Barham Salih Errusiako eta Irakeko presidenteek ere, hurrenez hurren.

Bestalde, Ali Jamenei aiatolak, Irango buruzagi gorenak, hauteskundeetako parte-hartze "epikoa" laudatu du, eta bozketako "irabazle nagusia" Irango herria izan dela aldarrikatu du.

Pandemiak eta abstentziorako deialdiek hautestontzietara joateko herriaren borondatea geldiarazi ez dutela nabarmendu du Jameneik, nahiz eta parte-hartzea txikia izan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Iran Hauteskundeak