Mundua -

hauteskundeak frantzian

Ultraeskuina galtzaile nagusia Frantziako eskualde hauteskundeetako lehen itzulian

Eskuin kontserbadorea gailendu da lehen itzulian bozen % 29 lortuta, lehena da sei eskualdetan. Ezkerreko alderdiek, bat eginez gero, kontserbadoreen aurretik jartzeko aukera handia dute.

RNren hauteskunde-kartela, pintadekin. Argazkia:EFE
RNren hauteskunde-kartela, pintadekin
RNren hauteskunde-kartela, pintadekin. Argazkia:EFE

o.p. | eitb

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Les Republicains (LR) buru duen eskuin kontserbadoreen koalizioa gailendu da Frantziako eskualde hauteskundeetako lehen itzulian, hautesleen % 29aren babesari esker. Herrialdeko hamahairu metropoli-eskualdeetako seitan lehen postuan dago.

Marine Le Pen-en eskuin muturrak indar asko galdu du eta zundaketen iragatzen zizkioten zifretatik oso behera geratu da. Inkestek zioten hamahirutik sei eskualdeetan alderdi bozkatuena izateko aukerak zituela; aldiz, lehen itzulian RN hainbat eskualdeetako bigarren indar gisa utzi duen arren, ez du ematen inon irabazteko aukera asko duenik, ez bada, Probentza-Alpeak-Kosta Urdina izan (PACA) eskualdean, han beti izan baitu nagusitasuna. Eskualde horretan LR eskuinaren eta NR ultraeskuinaren artekoa izango da lehia.

Barne Ministerioak bihar aterako dituenez behin betiko emaitzak, analisiak emaitza partzialak eta hautetsontzian bertan egindako proiekzioak nahastuz egiten ari dira, bai nazio mailan, bai eskualde ezberdinetan.

Ezkerreko formazioen emaitzek (sozialistak, ekologistak eta Frantzia Intsumisoa), eskualde gehienetan bakoitza bere aldetik joan bada ere, erakusten dute, elkartuz gero, LR kontserbadoreen zenbakietatik oso gertu leudekeela estatu mailan, baita gainetik ere akaso. Lehen itzuliaren ostean indar nagusi dira bost eskualdetan, horien artean Akitania Berria, non Alain Rousset sozialista gailendu den hautesleen % 30en babesarekin. 

Abertzaleak nagusi izan dira Korsikan, beste behin ere.

Emmanuel Macronen La Republica En Marcha (LREM) alderdiak 2020ko udal hauteskundeen emaitza kaskarra errepikatu du, ez baita eskualdeetan sustraitu oraindik. Hala ere, bigarren itzulian funtsezko pieza izan daiteke, ultraeskuina eta ezkerra geldiarazteko akordioetan.

Politologoen arabera, eguneko daturik esanguratsuena eta "kezkagarriena" abstentzioarena izan da, % 66ko baino altuagoa izanik, marka hautsi baitu.

Eskualdeko mailako hauteskundeak badira ere, hauteskunde hauek datorren urtean egingo diren hauteskunde presidentzialen atarikotzat jotzen dira. Bigarren itzulia, beraz, erabakigarria izango da Versailleserako bideari ekiteko. Bigarren itzulia datorren igandean egingo dute, ekainaren 27an, eta, beraz, alderdiek negoziazio gogorrak izango dituzte gaurtik aurrera, aliantzak egin eta irabazten saiatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia gaur Emmanuel Macron Eskuin muturreko mugimenduak