Mundua -

FENOMENO METEOROLOGIKOAK

Gutxienez 500 pertsona hil dira Kanadan, muturreko bero-boladagatik

"Bero kupula" delakoa izugarrizko tenperatura altuak, ehunka sute eta uholdeak eragiten ari da.

Sutea Kanadako mendi batean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Sutea Kanadako mendi batean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.
Sutea Kanadako mendi batean. EITB Mediaren bideo batetik hartutako irudia.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hondamendia Kanadan, duela astebete hasi zen bero-boladak eraginda: 176 baso-sutek aktibo jarraitzen dute eta jada 500 pertsona hil dira.

Lisa Lapointe Britainia Handiko Columbia probintziako zuzendari forentseak -ekainaren 25ean Kanadako Ozeano Bareko kostaldean hasi zen "bero-kupulak" gogorren jo duen eskualde- jakitera eman duenez, 719 bat-bateko heriotza izan dira azken astean, garai hortan ohikoa dena baino hiru aldiz heriotza gehiago. Horrenbestez, ia 500 heriotza bero-boladaren ondorio zuzen direla adierazi du Lapointek.

Izan ere, termometroek inoiz markatu gabeko tenperatura izan dute azken egunotan, 49,6 ºC-ko errekorrarekin. Azken bost urteetan 3 heriotza besterik ez ziren gertatu beroagatik probintzia horretan.

Hildako kopuruak gora egiten jarraituko duela aurreratu du, gainera, zuzendari forentseak, datuak eguneratu ahala. Izan ere, hil diren pertsona asko aire giroturik gabeko etxeetan bakarrik bizi ziren edo tenperatura altuetarako prestatuta ez zeuden adinekoak dira.

Zer da "bero-kupula"?

"Bero-kupula" gisa ezagutzen den fenomeno meteorologikoa atmosferako goi-geruzetan "trabatuta geratu den" aire berozko mendia da, muturreko beroa, ehunka sute eta ibaiek gainezka egitea eragiten duena.

Suteen ia % 70 tximistek eragin dituzte. 15 ordutan, asteazkenetik ostegunera, 113.000 tximista izan ziren Britainia Handiko Columbian, eta basoak hain lehor daude, erraz hartu zutela su.

Adituek azaldu dutenez, krisi klimatikoaren ondorio zuzena da gertatzen ari dena: "Berotze globala benetakoa dela erakusten du honek. Zoritxarrez, bizitzen ari gara, ez da etorkizuna. Hemen dago, beraz, espero dut jendeak denbora hartzea prestatzeko, litekeena baita honelakoak maizago gertatzea", azaldu du Natalie Hasell Kanadako Ingurumen eta Klima Aldaketa Ministerioko meteorologoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alerta meteorologikoak Suteak Eguneko albisteak Hondamendi naturalak Albisteak Kanada Bero-boladak