Mundua -

Energia

Pemex petrolio enpresako gas isuri batek urpeko sutea piztu du Mexikoko Golkoan

Bost ordutan itzali zuten sutea. Mexikar petrolio konpainiak jakitera eman duenez, ez da zauriturik egon.

Sutea, Mexikoko Golkoan. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Sutea, Mexikoko Golkoan
Gas ihesaldi batek urpeko sutea piztu du Mexikoko Golkoan

0:00

Berezi Fernandez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gas ihesaldi batek urpeko sutea piztu du Petroleos Mexicanosek (Pemex) Mexikoko Golkokoan duen plantan, Campecheko kostaldetik gertu.

Sutea 5:15ean (tokiko ordua) jazo zen, ekainaren 2an. Petrolio enpresako iturrien arabera, Pemexen ur azpiko instalazioko tutuetako bat hautsi eta gas ihesaldia eragin zuen. Langileak bost orduz aritu ziren sua itzaltzeko lanetan.

Reuters agentziak Pemexek argitaratutako txostena bildu du. Bertan, enpresaren bozeramaileek azaldu dute "trumoi ekaitz batek eta euri-jasa bortitzek" eragin zutela hodiaren haustura. Albiste agentziaren informazioaren arabera, enpresako tripulazioak nitrogenoa erabili zuen sua itzaltzeko.

Mexikar konpainiako arduradunek jakitera eman dutenez, ez da zauriturik egon, eta enpresak ohi bezala ekin dio lanari. Hala ere, konpainiak ikerketa abiatuko du, istripuaren nondik norakoak argitzeko.

Iragan ostiralekoa ez da Pemex enpresan jazo den lehen ezbeharra. Izan ere, antzerako sutea piztu zen apirilean, Veracruzeko plantan. Orduan, baina, zazpi langile zauritu ziren, eta enpresak lana eten behar izan zuen.

Greenpeacek erregai fosilak erabiltzea salatu du

Istripuak itsasoan eragindako kalteak argitzeko dauden arren, ingurumenaren defentsan lan egiten duten organizazioek gogor salatu dute gertatutakoa. Greenpeacek, kasu, adierazi du Pemexen gertatutakoak agerian utzi duela erregai fosiletan oinarritutako energia eredua arriskutsua dela.

"Erregai fosilen eredu estraktibistak egunero jartzen gaitu arriskuaren aurrean", esan du Gustavo Ampugnani Greenpeace Mexikoko zuzendari exekutiboak. Gainera, herrialdearen eredu energetikoa aldatzeko garaia heldu dela azpimarratu du.

Miyoko Sakahitak, Bioaniztasunerako Zentroko ozeano programako zuzendariak, berretsi du Mexikoko Golkoko irudiek erakusten dutela "itsaso sakoneko zulaketak zikinak eta arriskutsuak" direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Suteak Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena