Mundua -

Magnizidioa

Haitiko Poliziak lau pertsona hil eta beste sei atxilotu ditu, presidentearen hilketarekin lotura zutelakoan

Testuinguru horretan, Haitiko behin-behineko lehen ministroak oposizioko buruzagiekin hitz egiteko konpromisoa hartu du, eta "hauteskunde inklusiboak eta sinesgarriak" deituko dituela ziurtatu du.

Polizia agenteak Jovenel Moise Haitiko presidentearen etxetik gertu. Argazkia: EFE
Polizia agenteak Jovenel Moise Haitiko presidentearen etxetik gertu. Argazkia: EFE
Haitiko presidentearen ustezko lau hiltzaile hil eta bi atxilotu ditu poliziak

0:55

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Haitiko Poliziak Jovenel Moise presidentearen "ustezko hiltzaileak" identifikatu ditu, Frantz Exantus herrialdeko Komunikazio Estatu idazkariak jakitera eman duenez.

Kazetarien aurrean egindako agerraldian, Leon Charles Haitiko Poliziaren arduradunak herrialde horretan martxan jarri duten polizia-operazioaren inguruko xehetasunak eman ditu. Prentsaurrekoan azaldu duenez, azken orduetan lau pertsona hil eta beste sei atxilotu dituzte, presidentearen hilketarekin zerikusia dutelakoan.

Horrekin batera azaldu du polizia operazioak aurrera jarraitzen duela, eta bart gauean ustez komando berdinekoak diren beste hainbat kide aurkitu zituztela etxe batean ezkutatuta. Poliziak talde horren bost ibilgailu bereganatu ditu, baina horietatik hiruri sua eman diete hainbat zibilek.

Zehazki, Pelerin auzoko gune batean burutu dute polizia-operazioa, izan ere, bertan ezkutatu ziren Moiseren ustezko hiltzaileak. Halaber, Gazzete Haiti hedabidearen arabera, Poliziak 20 pertsona baino gehiago atxilotu ditu magnizidioarekin lotuta.

Bestalde, Pradel Henrquez Kultura ministroak adierazi duenez, erasotzaileen artean haitiarrak daude, eta martxan dagoen polizia-operazioak erasotzaileak garaitu arte iraungo du. Horren harira, Claude Joseph lehen ministro interinoak herritarrei laguntzeko gonbita egin die, eta gertakarietan parte hartu zuen inor ezagutuz gero poliziari jakinarazteko eskatu die.

Moise asteazken goizaldean hil zuten, bere egoitza pribatuaren aurka egindako eraso batean. Gainera, lehen dama ere zauritu zuten. Haitiko presidenteak 12 tiro jaso zituen. Moiseren gorpua ehorztetxe batera eraman dute, eta Jomarly Moise, bere alaba, lekura hurbildu da.

Bere semea, Martine Moise, Moiseren emaztearekin dago, Floridako ospitale batean. Haitiko lehen ministroak adierazi duenez, lehen damaren "egoera egonkorra da", eta arriskutik kanpo dago.

Hauteskunde "inklusiboak eta sinesgarriak"

Testuinguru horretan, Claude Joseph Haitiko behin-behineko lehen ministroak Antony Blinken Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Estatu idazkariarekin hitz egin du, eta "ezarritako egutegiaren arabera hauteskunde inklusiboak eta sinesgarriak" deitzeko konpromisoa hartu du.

"Gobernuburuak oposizioko buruzagiekin eta beste eragile batzuekin hitz egiteko konpromisoa hartu du, giro soziopolitikoa baretzeko eta hauteskunde inklusiboak eta sinesgarriak egiteko, behin-behineko Hauteskunde Kontseiluak ezarritako egutegiaren arabera", irakur daiteke lehen ministroak bere Twitter kontuan zabaldu duen mezuan.

Josephek apirilean hartu zuen agintea behin-behineko lehen ministro bezala, eta, ezohiko ministro kontseilua egin ostean, setio egoera ezarri du. Azken orduetan, beste talde batzuekin ere bildu da, hilketaren ostean herrialdearen egoera politikoa aztertzeko.

"Herrialdeko segurtasuna kontrolpean dagoela ziurtatu nahi die behin-behineko lehen ministroak nazioarteko komunitateko kideei, eta, bere agindupean, Ministroen Kontseiluak Estatuaren jarraipena ziurtatzen duela", adierazi du.

Moisek hauteskunde-egutegi bat ezarri zuen, baina aldatuz joan da denborarekin mendebaldeko hemisferioko herrialderik pobreenaren egoerak okerrera egin duen heinean. Hasieran, Konstituzioa erreformatzeko erreferenduma deitu zuten apirilean, baina herrialdearen ziurgabetasunaren ondorioz ekainera arte atzeratu zen, eta, ondoren, irailaren 26ra arte. Egun horretarako hauteskunde legegile eta presidentzialen lehen itzulia aurreikusita dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Erailketak Haitiko albisteak gaur