Mundua -

Venezuela

Venezuelak sei zero kenduko dizkio bere diruari eta dibisa digitala indarrean jarriko du urritik aurrera

Venezuelako Banku Zentralaren arabera, bolivar digitala sartzeak ez du eraginik izango bertako diruaren balioan, eta diru eskala sinpleagoa izateko erabiliko da.

Bolibar diru-paperak. Argazkia: EFE.
Bolibar diru-paperak.
Bolibar diru-paperak. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako Banku Zentralak diruaren birmoldaketa iragarri du urriaren 1etik aurrera. Horrela, Venezuelako bolivarri sei zero kenduko dizkiote, ostegun honetan ohar batean jakinarazi duenez.

Erakundeak azaldu duenez, diruaren eskala aldatzeak Venezuelan ekonomia digitala bultzatzea eta garatzea du helburu; izan ere, birmoldaketa egiteaz gain, Banku Zentralak jakinarazi du urriaren 1etik aurrera bolivar digitala jarriko dela indarrean.

Venezuelako Banku Zentralaren arabera, birmoldaketa hori eta bolivar digitalaren sarrera "ezinbesteko mugarri historikoa da herrialdea susperraldi ekonomikoaren bidean hasi den honetan".

Erakunde horren hitzetan, bolivar digitala sartzeak ez du eraginik izango diruaren balioan, eta, beraz, tokiko dibisak "ez du gehiago edo gutxiago balioko"; izan ere, diruaren eskala errazago bat izateko baino ez da erabiliko.

Era berean, Venezuelako Banku Zentralak adierazi duenez, venezuelar guztien inklusioari eusteko, bolivar fisikoa emititzen jarraituko du. "Bolivar fisikoa eta digitala elkarrekin biziko dira, haien indarra eta gure ekonomiaren adierazpen gisa duten erreferentea berreskuratzeko", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak gaur Ekonomia Gaurko titularrak Albisteak Venezuela argazkiak Latinoamerika