Mundua -
Terrorismoa
70 ikasle baino gehiago, gehienak neskak, bahitu dituzte Nigeriako ipar-mendebaldean izandako eraso batean
Azken hilabeteotan dozenaka eraso izan dira herrialdeko eskola eta ikastetxeen aurka, eta ehunka pertsona bahitu dituzte, dozenaka haur barne.
Agentziak | EITB Media
Asteazken honetan, 70 ikasle baino gehiago, gehienak neskak, bahitu dituzte Nigeriako ipar-mendebaldean, Zamfara estatuan. Eraso horren ondorioz, bertako agintariek eskola guztiak ixteko agindu dute.
Erasoa jasan duen eskolan lan egiten zuen irakasleetako batek esan duenez, 76 ikasle bahitu dituzte, baina gehiago izan daitezke; izan ere, 400 ikasle baino gehiago ditu ikastetxeak, BBCk zabaldutakoaren arabera.
Gutxienez, umeetako bat larri zauritu da, bala batek jota, umeak bahitzera joan direnean erasotzaileek tiro egin baitute.
Azken hilabeteotan dozenaka eraso izan dira herrialdeko eskola eta ikastetxeen aurka, eta ehunka pertsona bahitu dituzte, dozenaka haur barne, eta horrek kritikak eragin ditu agintariei segurtasun falta egotzi baitiete.
Orain arte, herrialdearen ipar-ekialdean izan ohi ziren horrelako erasoak, Boko Haram talde armatuak eta Mendebaldeko Afrikako Estatu Islamikoak (Boko Harametik sortutako taldea) presentzia handia duten inguruan. Hala ere, erasoak iparraldeko eta ipar-mendebaldeko beste eremu batzuetara hedatu dira azken hilabeteotan, eta, ondorioz, sare terrorista eta kriminal horien hedapenaren aurrean, alarmak piztu dira.