Mundua -

BITCOINA

Bitcoina legeztatu egin dute El Salvadorren

Hala, bitcoina trukerako legezko diru gisa aitortu duen lehen herrialdea izango da.

Gizon bat Bitcoin Legearen aurkako manifestazioan. Irudia: EFE
Gizon bat Bitcoin Legearen aurkako manifestazioan
Gizon bat Bitcoin Legearen aurkako manifestazioan. Irudia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

El Salvador bitcoina legezko diru gisa hartuko duen lehen herrialdea izango da gaurtik aurrera. Lege berria astearte honetan sartuko da indarrrean, eta hiru helburu nagusi izango ditu: bidalketen kostuak murriztea, atzerriko inbertsioa erakartzea eta barne kontsumoa bultzatzea.

Ekainean onartu zuen El Salvadorko Parlamentuak kriptodirua legeztatzea. Zehazki, Bitcoinaren Legeak kriptodiruaren erabilera legala arautzen du, eta horrela bide emango dio edozein pertsona natural edo juridiko publiko zein pribatuk egin nahi duen edozein transakziotan bitcoina erabiltzeari.

Nayib Bukele presidenteak askotan babestu du neurri hau, bere iritziz, atzerrian lan egiten duten milioika salvadortarri bidalketen kostua murriztuko baitie edo garapen bidean dauden ekonomiak inflazioan izan ditzaketen eraginetatik babesteko aukera emango baitu.

Agintariaren arabera, 400 milioi dolar (340 milioi euro) aurreztuko dituzte komisioetan El Salvadorko herritarrek, herrialdetik kanpoko bidalketak jasotzeagatik.

"Zergatik sortu dugun lege hori? Bitcoinak 600.000 milioi dolarreko (504.000 milioi euro) kapitalizazio-merkatua du mundu mailan, eta hori egiten badugu, bitcoina duten inbertitzaileak eta turistak herrialdera etorriko dira eta Salvadorko herritarrei eta ekonomiari mesede egingo diete", azpimarratu du Bukelek.

Nola erabiliko da?

Gobernuak 'Chivo' izeneko diruzorro digital bat aterako du, eta salvadortarren artean kriptodirua erabiltzea sustatzeko, Bukeleren Administrazioak 30 dolarreko (25 euro) balioa duten bitcoinak emango dizkie plataforma horretan kontu bat irekitzen duten herritar guztiei.

Lege berria asteartean sartuko da indarrean, eta kontsumitzaileek dolarretan zerrendatutako artikuluen bidez ordaindu ahal izango diete bitcoinak dituzten enpresei.

Bukelek azaldu duenez, negozioen jabeek, baina, ordainketa dolarretan jaso nahi badute, botoi bat sakatu dezakete 'Chivo' aplikazioan, bitcoinak berehala dolar bihurtzeko.

Transakzioek ez dute komisiorik izango; izan ere, 50 sukurtsal egongo dira herrialde osoan dirua atera edo uzteko.

Bitcoinaren erabilerak dituen arriskuez ohartarzi du NDFk

Nazioarteko erakunde eta agentziek ez dute begi onez ikusi legea. Nazioarteko Diru Funtsak kriptodirua legezko diru gisa hartzearen arriskuez ohartarazi du, eta arriskua kalifikatzen duen Fitch agentziaren arabera, bitcoinaren erabilerak kapitalak zuritzearen eta terrorismoa finantzatzearen aurkako legeak urra ditzake.

Gerry Rice Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) bozeramaileak esan du bitcoina El Salvadorren legezko txanpon gisa hartzeak "arrisku nabarmenak" ekar ditzakeela, eta erregulazio-neurri eraginkorrak beharko direla azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko azken ordukoa Ekonomia berriak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Latinoamerikako albisteak