Mundua -
Hondamendi naturalak
7,1 graduko lurrikara batek Mexiko astindu du
Herrialdearen erdialdean eta hegoaldean nabaritu da lurrikara. Oraingoz, argi-zutoin bat erorita pertsona bat hil dela baieztatu dute.
EITB MEDIA
Mexiko erdialdean eta hegoaldean kalte gutxi eragin dituen 7,1 graduko lurrikara handi bat izan da bart Acapulcotik gertu.
Hector Astudillo Guerrero estatuko gobernadoreak jakitera eman duenez, pertsona bat hil da Coyuca de Benitez udalerrian, lurrikararen ondorioz, argi-zutoin bat erorita, eta, orain arte zabaldutako albisteen arabera, ez da kalte larririk izan, ezta biktima gehiagorik ere.
Dardara bertan 20:47 zirenean (01:47 GMT) jazo da, Guerrero estatuan, eta Acapulcotik 11 kilometro hego-mendebaldera izan du epizentroa, Mexikoko Zerbitzu Sismologiko Nazionalak jakitera eman duenez.
Bertako 23:00ak arte (04:00 GMT) lurrikararen 92 erreplika izan dira Guerreron, handienak 5,2 gradu harrapatu ditu Richter eskalan, Sismologia Zerbitzuaren esanetan.
Itsas Idazkaritzako Tsunamien Alertarako Zentroaren arabera, ez da espero tsunamirik sortzea kostaldean.