Mundua -

Hauteskunde ondorena

Scholz, Alemanian "koalizio aurrerakoia" gidatzeko bidean

Buruzagi sozialdemokratak iragarri du, Berdeekin eta Alderdi Liberalarekin batera, hiru alderdiek negoziazioa abiatu dutela Gobernu berria adosteko.

Barboeck, Scholz eta Lindner. Argazkia: Efe
Barboeck, Scholz eta Lindner. Argazkia: Efe
Barboeck, Scholz eta Lindner. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Olaf Scholz SPD sozialdemokrataren burua "koalizio aurrerakoi" baten kantziler izateko bidean dago, eta horixe iragarri du Alderdi Berdeko eta Alderdi Liberaleko (FDP) buruzagiekin batera. Izan ere, abian jarri dute Alemanian Gobernua osatzeko negoziazio formala.

Scholzek agerraldia egin du erabakiaren berri emateko Saskia Eskien eta Norbert Walter-Borjans SPDko presidentearen ondokoekin; Annalena Barboeck eta Robert Habeck Alderdi Berdearen presidentearekin eta haren ondokoarekin; eta Christian Lindner FDP liberalen buruarekin.

"Hiru alderdiak azken 100 urteetako industria modernizazio proiektu handiena bultzatzeko moduan gaude", azaldu du Scholzek agerraldian.

Koalizioa negoziatzeko oinarri gisa erabiliko duten agiriak eraldatze ekologikoaren eta deskarbonizazioaren garrantzia azpimarratzen du, zergak igotzea baztertzen du (liberalen eskaera nagusietako bat), eta inbertsio eta neurri sorta bat aurreikusten du kohesio soziala handitzeko.

Azken puntu horri dagokionez, gutxieneko soldata orduko 9,6 eurotik 12 eurora igotzea proposatu dute, SPDren eta Berdeen programetan agertzen zen moduan.

Elkarrizketetan Berdeek erdietsi duten lorpen handienetako bat 2030erako ikatzari uko egitea da, hasieran espero zutena baino 8 urte lehenago.

Bidea egiten hasi diren arren, hiru alderdiek barne eztabaida egin beharko dute asteburuan negoziazioekin aurrera jarraitu ala ez erabakitzeko, eta oniritzia emanez gero, datozen hilabeteetarako agenda zehaztuko dute.

"Uste dut denok esan dugula urte amaiera baino lehenago koalizio baterako akordioa izatea espero dugula", adierazi du Scholzek, hauteskundeen irabazleak. % 25,7ko babesa jaso zuen, eta liberalen hautagaiak, Armin Laschetek, % 24,1koa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alemania Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Alemania Olaf Scholz