Mundua -
narkotrafikoa
'Otoniel' atxilotu dute, Kolonbiako droga-trafikatzaile bilatuena
Ivan Duque Kolonbiako presidenteak ospatu egin du "90eko hamarkadako Pablo Escobarren erorialdiarekin bakarrik alderatu daitekeen" atxiloketa.
agentziak | eitb media
Kolonbiako agintariek Dairo Antonio Usuga atxilotu zuten larunbatean, 'Otoniel' ezizenez ezaguna, Golkoko Klaneko liderra eta herrialdeko droga-trafikatzaile bilatuena. Uraba aldean, Antiokian, burutu dute operazioa; Armadaren, Polizia Nazionalaren eta Aireko Indarren lankidetzarekin.
AEBko gobernuak bost milioi dolarreko (lau milioi euro inguru) ordainsaria eskaini zuen 50 urteko 'Otoniel' harrapatzearen truke. Estradizio agindu bat zuen bertan, bi zirkular gorri, Interpoleko urdin bat, eta 128 atxilotze agindu, Kolonbian.
Kolonbiako Poliziaren arabera, atxilotze agindu horien artean daude "narkotrafiko, estortsio eta homizidio delituak; derrigorrezko desplazamendua, arma-trafikoa, talde armatuen osaketa; delitu egiteko kontzertua eta gizadiaren aurkako krimenak".
Ivan Duque, Kolonbiako presidentea, trafikatzailea harrapatu duten lekuan bertaratu da eta ospatu egin du "90eko hamarkadako Pablo Escobarren erorialdiarekin bakarrik alderatu daitekeen" atxiloketa.
Duqueren hitzetan, Usugaren atxiloketa Kolonbian "mende honetan narkotrafikoari emandako kolperik latzena da", Erdialdeko Amerikara eta AEBra kokaina tonak bidaltzea leporatu diote eta.
Bogotako alkate den Claudia Lopezek, bestalde, Twitterren txalotu du trafikatzailearen atxiloketa.
Harrapaketa-operazioak hildako bat utzi zuen, Kolonbiako Poliziako intendente bat. Duquek eskatu du hura gogoratzeko "egindako lanaren bitartez Kolonbiako herriaren aldeko kolpe handi hau baimendu zuen heroia" bezala.
Atxilotua Ikerkuntza Kriminalerako eta Interpoleko Zuzendaritzak Kolonbian duen egoitzan dago orain.