Itxi

2021/11/09

06:55

Mundua

EUROPAR BATASUNA

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Polonia zigortu du bi epaileren eskubideak urratzeagatik

AGENTZIAK | EITB Media

Monika Dolinska-Ficek eta Artur Ozimek epaileek lanpostu aldaketa eskatu zuten 2017an eta 2018an, baina eskari horiek atzera bota zituzten. Poloniak 15.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio epaile bakoitzari.

  • Giza Eskubideen Europako Auzitegia, Estrasburgon

    Giza Eskubideen Europako Auzitegia, Estrasburgon. Artxiboko argazkia: Wikipedia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Poloniak beste kolpe bat jaso du epaitegietan. Oraingoan, Monika Dolinska-Ficek eta Artur Ozimek epaileen eskubideak urratzeagatik zigortu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak. Biek ala biek lanpostu aldaketa eskatu zuten 2017an eta 2018an, baina ez zieten eskaria onartu. Poloniak 15.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio epaile bakoitzari

Estrasburgoko Auzitegiaren epaiak Auzitegi Goreneko bi organoren lana aztertu du: Kontrolerako Ganberarena eta Gai Publikoetarako Ganberarena. Poloniako presidenteak aukeratzen ditu erakunde horietako epaileak, Parlamentuak aukeratutako Epailetzaren Kontseilu Nazionalaren proposamenari jarraituz. 

Epaileen jarduera arautzen duten organoek ez zituzten bi epaile horiek gomendatu lanpostu aldaketarako, eta eskatzaileek aurkeztutako helegiteak artxibatu egin zituzten.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak orain ebatzi du bi epaile horien kasuak ez zituela epaimahai independente eta inpartzial batek aztertu.

Bestalde, horrelako kasuak etorkizunean berriro ez errepikatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Estrasburgoko Auzitegiak Poloniari.

Urrian, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ere zigortu zuen Europa erdialdeko herrialdea. Poloniak egunean milioi bat euro ordaindu beharko ditu botere judizialaren independentzia errespetatu arte.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;