Mundua -

HAUTESKUNDEAK

Peronismoa gehiengo osotik bi eserlekura gelditu da eta Argentinako Senatuaren kontrola galduko du abenduan

Argentinako presidente den Alberto Fernandez peronistaren esanetan, krisi ekonomikoak eta osasun krisiak markatutako aroa amaitu da, eta batasuna eskatu du gehiengo zabalak eratzeko.

Argentinar bat botoa ematen. Argazkia: EFE
Argentinar bat botoa ematen
Argentinar bat botoa ematen. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hauteskunde legegileak egin dituzte igande honetan Argentinan. Ez da ezustekorik izan, eta, espero bezala, Guztien Frontea koalizio ofizialistak gehiengo osoa galdu du Senatuan: bi eserlekura gelditu da. Gauzak horrela, peronismoak Senatuaren kontrola galduko du abenduan, goi ganbera berritzen denean.

Argentinako presidente den Alberto Fernandezen Guztien Frontea koalizioa 41 senatari izatetik 35 izatera igaroko da. Mauricio Macri presidente ohiaren Elkarrekin Aldaketaren Alde koalizioak 33 senatari izango ditu (bereak eta bere aliatuenak kontuan hartuta). Gainerako lau eserlekuak beste alderdietako ordezkariek beteko dituzte.

Peronismoak Senatuko gehiengo osoari eutsi nahi badio, aliantzak egin beharko ditu. Gobernuak onartzen dituen legeak Senatura igarotzen dira eta goi ganberaren onespena ezinbestekoa da horiek indarrean sartzeko.

Diputatuen Kongresuko ordezkarien erdiak (127) eta Senatuko herenak (24) aukeratu dituzte Argentinan. 

Guztira, 34 milioi argentinarrek parte hartu dute hauteskunde hauetan, eta parte-hartzea % 71koa izan da.

Alberto Fernandez presidentearen esanetan, igande hauteskundeek amaiera eman diote krisi ekonomikoak eta osasun krisiak markatutako aroari. Etapa berriari begira, batasuna eskatu du gehiengo zabalak eratzeko. 

Bestalde, oposizioko koalizioaren buru eta Argentinako presidente ohi den Mauricio Macriren ustez, herritarrek mezu argia eman dute hauteskundeetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Zer gertatzen da munduan? Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika albisteak Buenos Airesko albisteak Hauteskundeak