Mundua -
Bielorrusia
Europar Batasunak talde militarrak sortuko ditu, bere mugetan sortzen diren larrialdi egoerei aurre egiteko
Defentsa ministroen aurreikuspenaren arabera, Europar Batasunaren ahalmen militarra handitzeko plana 2022ko martxoan onartu dezakete.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europar Batasunak talde militarrak eratuko ditu bere mugetan sortu daitezkeen larrialdi egoerei aurre egiteko, baita migratzaileen sarrera galarazteko ere. Hain justu ere, iragarpen hori Bielorrusia eta Polonia arteko mugan azken egunetan ematen ari den migrazio krisiaren ondotik iritsi da.
Josep Borrell Atzerri Politikarako goi-ordezkariak jakinarazi duenez, Europar Batasuneko Defentsa ministroek onartu egin du larrialdi egoeratan "erantzun azkarra, erabakigarria eta irmoa" emango duten indar militarra sortzeko proposamena.
Defentsa ministroen ekimen nagusia da, Europar Batasunaren ahalmen militarra handitzea du helburu -5.000 soldadu inguru izango omen ditu- eta plana 2022ko martxorako onartuta egongo dela espero dute.
Edonola ere, datozen asteetan osatuko dute ibilbide-orria proposamen eta data zehatzak adostuta. Horrez gain, Europar Batasuneko buruzagiek urtean behin egingo dituzte azterketak.
Borrellen esanetan, interbentzio azkarreko talde militarrekin posible izango litzateke Bielorrusiaren antzeko "eraso hibridoei" erantzutea. Pertsona migratzaileak presio politikoa egiteko erabili izana leporatzen dio Europar Batasunak Alexander Lukashenkoren erregimenari.