Mundua -

VENEZUELA

Chavismoak jokoan zeuden 23 gobernadoreetatik 20 irabazi ditu udal eta eskualdeetako hauteskundeetan

Carmen Melendez hautagai ofizialista izango da Caracas hiriburuko alkate berria. 2017tik lehen aldiz oposizioak hauteskundeetan parte hartu du eta parte-hartzea % 41,8koa izan da.

Nicolas Maduro Venezuelako presidentea emaitzak ezagutu ondoren egin duen agerraldian. Argazkia: EFE
Nicolas Maduro Venezuelako presidentea emaitzak ezagutu ondoren egin duen agerraldian
Chavismoak bere boterea sendotu du, eskualdeetako hauteskundeetan garaipen zabala lortuz

1:02

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelan igandean egin diren udal eta eskualdeetako hauteskundeetan chavismoa nagusitu da 23 lurraldetatik 20tan, botoen % 90,21 zenbatuta. Udaletako emaitzei dagokienez, Caracas hiriburuan Carmen Melendez hautagai ofizialistak irabazi du eta bera izango da alkate berria. 2017tik lehen aldiz oposizioak hauteskundeetan parte hartu du eta parte-hartzea % 41,8koa izan da. 

Oposizioak, bere aldetik, garaipena lortu du Cojedes, Esparta Berria eta Zulia eskualdeetan. Cojedesen MUD alderdiko Jose Alberto Galindez hautagaiak irabazi du; Esparta Berrian, Morel Rodriguez Avila Auzoaren Indarra alderdiko hautagaiak eta Zulian, herrialdeko estaturik populatuenean, ostera, MUD alderdiko Manuel Rosales beteranoak.

Emaitza horiek baieztatuz gero, chavismoak 2017an lortutako emaitzak hobetuko lituzke. Orduan, 18 estatutan eta Caracas hiriburuan irabazi zuen.

Eskualde eta udal hauteskunde hauetan parte-hartzea % 41,8koa izan da (8.151.793 boto).

Lehen emaitzak ezagutu ostean egin duen agerraldian, chavismoaren "garaipena" aldarrikatu du Nicolas Maduroko Venezuelako presidenteak. Dena dela, elkarrizketarako deia egin du eta eskualdeetan eta hirietan nagusitu diren oposizioko kideei eskua luzatu die elkarrekin egitasmoak aurrera atera ahal izateko.

Emaitzak ezagutu aurretik Madurok txalotu egin du nazioarteko begiraleen presentzia eta, aurrez larunbatean egin zuen bezala, hauteskundeetako emaitzak umiltasunez errespetatzeko eskatu die Europar Batasuneko begiraleei.

Hildako bat eta bi zauritu

Pertsona bat hil eta beste bi pertsona zauritu dira Zulia estatuko hautesleku batean izandako tiroketan. Armatutako gizonak hauteslekura sartu eta bertan zaudenen kontra tiroka hasi dira, Venezuelako La Verdad egunkariak jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko azken minutuko albisteak Prentsa digitalaren azken orduko Eguneko albisteak Venezuela argazkiak Latinoamerika albisteak Nicolás Maduro Hauteskundeak