Mundua -

Venezuela

Venezuelako hauteskundeetan baldintzak hobetu direla adierazi dute Europar Batasuneko begiraleek

Eskualde eta udal hauteskundeetan oposizioak parte hartu izana azpimarratu dute, baina, aldi berean, hainbat irregulartasun antzeman dituztela salatu dute.

Venezuelako hauteskundeak ikuskatu dituzten Europar Batasuneko begiraleak. Argazkia: EFE
Venezuelako hauteskundeak ikuskatu dituzten Europar Batasuneko begiraleak. Argazkia: EFE
Venezuelako hauteskundeak ikuskatu dituzten Europar Batasuneko begiraleak. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igandean Venezuelan egindako eskualde eta udal hauteskundeetan baldintza demokratikoak hobetu direla baieztatu dute Europar Batasuneko begiraleek. Hala ere, oraindik ere hainbat irregulartasun antzeman dituztela ohartarazi dute.  

Isabel Santos Portugalgo eurodiputatu sozialistak zuzendu du Europar Batasunaren misioa Venezuelan, eta nazioarteko irizpide demokratiko gehienak bete badira ere, ondoko arazoak detektatu dituztela aipatu du: "independentzia judizialik eza, berdintasuna urratzen dituzten araudiak eta gardentasun falta".  

Halaber, hainbat hautagai bidegabe gaitasungabetu dituztela eta buruzagi politiko batzuei botoa emateko txartela kendu zaiela salatu dute.

Horrez gain, hauteskunde kanpainan Estatuaren baliabideak gehiegi erabili zituztela eta Hauteskunde Batzordeak neurririk hartu ez zuela azaldu dute.  

Hala ere, Santosek azpimarratu du, aurrez egindako beste hauteskunde batzuekin alderatuta, baldintza hobeak izan direla oraingoan.

Chavismoa gailendu da Venezuelako 23 eskualdeetako 20tan, eta oposizioko alderdi nagusiek hauteskundeetan parte hartu izana azpimarratu du Santosek, 2020ko bozetan aurkezteari uko egin ziotela kontuan hartuta. Europar Batasunak ez zituen hauteskunde haietako emaitzak aintzat hartu.

Hala, igandeko hauteskundeetan baldintza hobeak izan direla eta horrek Venezuelako politikagintzari konfiantza berreskuratzen lagunduko diola nabarmendu du Santosek.

Guztira, Europar Batasuneko 136 begirale izan dira Venezuelan, eta 665 hautesleku bisitatu dituzte.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Hauteskundeak