Mundua -
EUROPAR BATASUNA
Legez kanpoko migrazioa errazten duten garraio enpresak zigortzea proposatu du Europako Batzordeak
Bielorrusia eta Polonia arteko mugan sortutako migrazio krisiari aurre egiteko baliabideak izan nahi ditu Europako Batzordeak. Zehazki, lege esparru bat izan nahi du aire konpainiak eta lurreko edo itsas garraioko enpresak zigortu ahal izateko.
AGENTZIAK | EITB Media
Europako Batzordeak pertsonen trafikoa errazten duten garraio enpresak zigortu ahal izateko lege esparru berri bat sortzea proposatu du azken orduetan.
Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Arazoetarako goi ordezkariarekin koordinatuta egin duen proposamenarekin, Bielorrusia eta Polonia arteko mugan sortutako migrazio krisiari aurre egiteko baliabideak izan nahi ditu Europako Batzordeak. Izan ere, pertsona migratzaileak "helburu politikoekin erabiltzea" leporatzen dio Bruselak Aleksandr Lukaxenkoren gobernuari.
Europako Batzordearen arabera, pertsona migratzaileak Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetatik Bielorrusiara iristen dira eta handik Europar Batasuneko mugara bultzatzen dituzte. Marko juridiko horrekin Europako Batzordeak helduleku bat izan nahi du nahita edo nahi gabe legez kanpoko migrazioa errazten duten enpresen aurka egiteko.
Lege esparru berri horrek aire konpainiei eragingo lieke, baina baita lurreko edo itsas garraioko enpresei ere. Europako Batzordeak Belavia Bielorrusiako hegazkin konpainia jomugan jarri du pertsonen trafikoa leporatuta.
Europako Batzordearen arabera, murrizketak proportzionatuak izango lirateke eta kasuan kasu zehaztuko lirateke. Horien arteko egongo lirateke, esaterako, Europar Batasunean aritzeko lizentziak edo baimenak etetea, erregaia hartzeko edo mantentze lanak egiteko eskubideak etetea, EBn barrena ibiltzeko edo aire eremuan hegan egiteko debekua, edota geldialdi teknikoak edo EBko lurraldeetan geldialdiak egiteko debekua.
Edozein kasutan, neurri horiekin batera pertsona migratzaileei giza laguntza eskaini behar zaiela aldarrikatu du Europako Batzordeak.